Saskibaloia

Saskibaloia
2015-10-09 09:21:18
BIHAR HASIKO DU DENBORALDIA SENIOR MAILAKO TALDEAK
Gorka Judez: «Zaleei Zubikoara etortzeko motiboak eman behar dizkiegu»

Herriko kirol talde nagusien artean denboraldi berria estreinatzen azkena, saskibaloi saila izango da. Futbolekoek zabaldu zuten ofizialki iraila hasieran aurtengo ikasturtea eta eskubaloi sailekoen ostean, badator berriz ere, saskibaloia Oñatira. Bihar arratsaldean egingo du debuta Leioan, Natra Oñati Aloña Mendik. Aurredenboraldiko azken egunak aprobetxatuz, Gorka Judez taleko entrenatzailearekin izan gara.

 

Kontua galduta darama Judezek. Umea zela kadete mailan hasi zen Aloña Mendiko saskibaloi sailean eta kategoria guztietatik pasa ostean, azken urteotan, entrenatzaile eta koordinatzaile lanak egiten ari da. Lehen taldea ez ezik, harrobiko taldeak gertutik zaindu nahi ditu teknikariak hastera dihoan denboraldi berrian. «Lehen taldea garrantzitsua da, baina oso garbi daukagu harrobian lana egin ezean, etorkizun gutxi izango dugula» adierazi zuen atzo Oñati Irratian.

 

Ikasturte berriari begira lehen taldeak izango dituen helburuetaz mintzatu zen gehienbat prestatzailea: «Iaz oso denboraldi txukuna osatu genuen, lauko finala jokatzera iritsi baikinen. Hala ere, aurtengoa ez da erraza izango. Taldean hutsune garrantzitsuren bat izango dugu eta iruditzen zait orokorrean ligaren maila igo egin dela» zioen.

 

Anbizio handia

Iazkoa errepikatzea zaila izango den arren, Judezek garbi utzi zuen urteko helburua hori berdindu edo hobetzea izan behar duela: «Helburu zaila izango da lauko finala jokatzea, baina iruditzen zait era honetako erronka batek motibatuta mantendu gaitzakela urte guztian zehar. Gero txapelketak berak jarriko gaitu merezi dugun tokian, baina hasieratik anbiziotsuak izan nahi dugu».

 

Denboraldi erregular bat burutzeko etxeko partidek izango duten garrantziaz ere mintzatu zen Judez. «Azken urteetan egin dugun bezala, etxean indartsuak izan behar dugu. Gure saskiak dira, gure baloiak, gure zaleak...ezin dugu huts handirik egin. Zaleei Zubikoara etortzeko motiboak eman behar dizkiegu» gaineratu zuen.

 

Txapelketa astean murgilduta dago taldea eta bihar (18:30) Leioan egingo duen debutari buruz ere, hitz egin zuen Aloña Mendiko entrenatzaileak: «Irakurri dugunatik, Leioak iazko talde beretsua izango du eta iaz bi partidak larri irabazi genituela kontutan hartuta, partidu oso gogor bat aurreikusten dut».

 

Harrobia eta saski eskola

Lehen taldearen errepaso sakona egiteaz gain, harrobiaz hitz egiteko tarte bat ere hartu nahi izan zuen kirol koordinatzaileak. Guztira bost talde izango ditu aurten sailak eta berrikuntza nagusia, Gipuzkoako 3. mailan arituko den senior taldea izango da. «Gazte mailatik jokalari ugari igotzen ziren lehen taldera eta denentzat lekua ez zegoenez, batzuk kanpoan utzi beharrean, bigarren talde bat sortzea erabaki genuen».

 

Bestelakoan, Junior mutilek errendimendu mailan jokatuko dute. Eta kadete mailan emakumezko zein gizonezkoak, partehartzean arituko dira. Azken maila honetan, lehentasuna «formakuntza integrala» izango dela onartu zuen entrenatzaileak.

 

Azkenik, saskibaloi eskolak izan duen gorakada nabarmena ere aipagai izan zen atzoko elkarrizketan. «Iaz baino neska-mutiko dexente gehiago ditugu aurten eskolan eta horrek asko pozten gaitu. Iñigo eta Asierrek erronka potoloa izango dute gaztetxo hauekin». Amaitu aurretik, eskolako ateak irekita jarraitzen dutela jakinarazi zuen Judezek. «Astelehen eta asteazkenetan 18:00-19:30 egiten ditugu saioak kantxa urdinean beraz, 2004, 2005, 2006 eta 2007an jaiotako edonor gonbidatuta dago gurera; ondo pasatuko duela ziurtatzen diet».

 

Atzo eguerdian Oñati Irratian eskeini zuen elkarrizketa entzuteko, sakatu beheko podcastean:

 

Judez asteazkeneko lan saioan, Biain eta De la Iglesia alboan dituela.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.