Eskubaloi festa bikainaz gozatu ahal izango dugu asteburuan Oñatin. Eskubaloiko Euskadiko txapelketarako igoera fasea jokatuko baita Zubikoan bihar eta etzi. Rafa Zuluetak zuzentzen duen Aloña Mendiko senior mutilen taldeak, Barakaldoren aurka jokatuko du finalerdietako bat bihar, 18:30etan. Entrenatzaile oñatiarrak horrelako aukerak aprobetxatu egin behar direla onartu zuen atzo Oñati Irratian egindako elkarrizketan. Bi finalistek igoera lortuko dute.
Izarraitz Aloña Mendik, urtean egindako lan bikaina borobildu eta Euskadiko txapelketara igotzeko aukera izango du asteburuan Oñatin. Igoera faseko ligaxka hirugarren amaitu ostean, lauko finala jokatuko baitu asteburuan. Txantxikuarren finalerdiko aurkaria, Barakaldo taldea izango da. Bizkaitarrak ezagunak dira izan ere, duela hamabost egun jokatu zuten Oñatin elkarren aurka. Orduko hartan, 29ko berdinketaz amaitu zen lehia. Biharkoan baina, berdinketak ez du baliorik izango. «Partida oso zaila izango da. Barakaldo oso indartsua da fisikoki eta aukerak izan nahi baditugu, 60 minutuak lehiatu beharko ditugu topera. Dena den taldea oso ondo ikusten dut.» zioen Zuluetak atzoko elkarrizketan.
Izarraitz Aloña Mendik, bigarren urtez jarraian jokatuko du lauko finala. Iaz saiatu zen Irunen balentria lortzen baina ez zen posible izan. Aurten baina, iazko esperientziaz gain, etxeko zaleen bultzada izango du talde gorritxoak eta okerrik ezean, Zubikoa kiroldegian ez da aulki bakar bat ere soberan izango. Horren gainean, entrenatzaileak izan zuen hitzik atzoko elkarrizketan: «Denboraldi guztian jende asko etorri da taldea bultzatzera eta bihar ere giro berbera egotea espero dut. Kanpoko taldeek ere zalez bateriko autobusen bat ekarriko omen dute beraz, etxekoei kiroldegira denboraz joateko eskatuko nieke».
Biharko partiduan Barakaldori irabaziz gero, mailaz igoko da Aloña. Lauko finaleko lehenengo biak igoko baitira Euskal Ligara. Oñatiarrek etxean eta harmailak beteta direla jokatzeak ekar dezakeen antsietatea kudeatu beharko dute, baina Zuluetak, gogoko du era honetako presioa: «Horrelako aukerak bizitzan behin ematen dira. Ni jokalari nintzenean adibidez, duela 13 urte, antzerako igoera bat bizi izan genuen Oñatin eta egia esan, izugarria izan zen».
Aloña eta Barakaldoren aurretik baina, Tolosa eta Sestaoren arteko finalerdia jokatuko da. Igandekoari begira egon gabe beraz, benetako finala, biharkoa izango da Izarraitz Aloña Mendirentzat. Iaz ez zen posible izan, baina oraingo honetan, zaleen bultzada baliatuz, igoera #aurtenbai lortuko dela amesten dute herriko eskubaloi zale guztiak.
Rafa Zuluetarekin egindako elkarrizketa guztia entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:
Larunbata:
16:30: Tolosa - Sestao
18:30: Barakaldo - Izarraitz Aloña Mendi
Igandea:
10:30: 3. eta 4. postua
12:30: FINALA