Mendia

Mendia
2015-04-27 16:53:39
Axier Alonso oñatiarra 4. helmugaratu zen
Becerra eta Olazabal azkarrenak, Aloñako Igoeran

Walter Becerra eta Alizia Olazabal izan ziren atzo Aloñako Igoerako izar distiratsuenak. Gizonezko eta emakumezkoen sailkapeneko garaipena lortu zuten eta bien izena, letra larriz idatzita geldituko da lasterketako historian. Izan ere, Becerraren Aloñako laugarren txapela izan zen atzokoa eta Olazabalen kasuan, hirugarrena.

 

Goiza eguraldi makurrarekin esnatu bazen ere, lasterkariak ez ziren kikildu. Goizeko 9etarako prest zeuden Foruen Enparantzan guztiak. XI. ekitaldia bete zuen atzo Aloñako Igoerak eta alde horretatik, proba arrakastatsua izan zen beste urtebetez. 300 partehartzaile inguru bildu baitzituen aurtengoak. Tenperatura ez zen oztopoa izan lasterkarientzat. Euria izan zen arazo nagusia, batez ere, kresteriako harrizko zonaldea oso irristakor eta arriskutsu baitzegoen. Eta hortik iritsi zen eguneko albisterik kezkagarriena. Lasterkari ugarik erorikoak izan zituzten eta horien artean, Joseba Molinero oñatiarrak eman zuen susto handiena. Erorkerta nahiko larria izan zuen sakan batean eta Gurutze Gorriko lagunek Arrasateko Ospitalera eraman zuten kolpe eta zauri ugarirekin. Zorionez baina, egoera kontrolpean gelditu zen eta korrikalari oñatiarra ondo dagoela esan daiteke.

 

Bestelakoan, kirol arloari dagokionez, Walter Becerra eta Alizia Olazabal izan ziren onenak. Becerrak igoeran bertan hartu zuen lasterketa burua eta hortik amaiera arte, diferentzia kontrolatzen joan zen. Foruen Enparantzako helmugara eroso eta irrifartsu iritsi zen. Azken metroetan ospakizunak eta guzti egiteko denbora hartu zuen venezuelako mutilak. 2:09:11 denboran zeharkatu zuen helmuga arrastoa. Bigarren eta hirugarren postuak, Abderrahim El Qayed eta Julen Martinez de Estibarizentzat izan ziren. Biak elkarrekin iritsi ziren plazara (2:10:42).

 

Emakumezkoen artean, faborito nagusia zen Alizia Olazabalek, pronostiko guztiak bete zituen. Korrikalari beteranoak ez zuen aurkaririk izan. Kresterioraino arteko bidean, Ainhoa Lendinez elgoibartarra nahiko gertu eraman zuen, baina hortik aurrerako zonalde teknikoan, abantaila handitu eta diferentzia handiarekin iritsi zen helmugara. Olazabalek (2:43:48) osatu zituen 22 kilometro pasatxoak eta podiumean, Ainhoa Lendinez (2:47:47) eta Izaskun Zubizarreta (2:53:59) izan zituen alboan bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.

 

Oñatiar onenak

Atzoko egunean lehian izan ziren 89 oñatiarren artean azkarrenak, Axier Alonso (2:11:46) eta Maite Zabaleta (2:58:41) izan ziren. Alonsok gainera, sekulako proba osatu zuen sailkapen nagusiko laugarren postua eskuratuz. Sasoiko dago txantxikuarra eta gauza oso onak egiteko gai dela erakutsi zuen atzoko egunean.

 

Bestelakoan, Molineroren sustoa kenduta, antolatzaileek adierazi zutenez gustura ziren atzo ikusitakoarekin. Sailkapen ofizialak [hemen].

Alizia Olazabal helmugara iristen. Argazkia: Felix Sanchez.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.