Besteak

Besteak
2015-01-17 13:19:29
GIPUZKOAN, PARTDAIDETZA DATU ALTUENETARIKOAK DITUEN HERRIA DA
Oñatiko kirol sistemaren erradiografia

Oñatiko udalerriak pasaden urteko apirilan abian jarri zuen jarduera fisikoaren eta kirol jardueraren gaineko egitasmoak, badauka bere erradiografia partikularra. Pasaden ostegun iluntzean egin zuten txostenaren aurkezpena udaleko osoko bilkuren aretoan eta diagnosiak, datu benetan esanguratsuak utzi ditu. Adierazgarrienen artean, partaidetza datu altuak eta planifikazio baten beharra.

 

Apirilean abiatu zen azterketa sakon honi esker, Oñatiko kirol sistemaren argazki orokor bat atera nahi izan du Udalak. Herriko kirol eragile  ezberdinekin izandako elkarrizketa eta egindako galdetegietatik atera dira konklusio guztiak. Kirol Management enpresa arduratu da pasaden urtean abiatu zen diagnosi honen azterketarekin. Egitasmoaren lehen faseak, datu benetan esanguratsuak utzi ditu.

 

Azterketa honen arabera, agerikoa da herriko kirol sistemak duen osasun bikaina. Oñatiko 2,35 biztanletik bat, kirol zerbitzuaren erabiltzaile baita. Hala ere etorkizunera begira tentuz jorratu beharreko hainbat gai ere agertu ziren. Horien artean, kirol planifikazio baten falta somatzen zela adierazi zuten enpresako arduradunek eta era berean, herriko kirol instalakuntzen antzinatasuna ere hizpide izan zen osteguneko prentsaurrekoan.

 

Kirol Managementek 9 hilabetetan garatu duen txosten mardula -176 orri-, eskuragarri egongo da astelehenetik aurrera, Udaleko web orrian. Hori horrela, behin behineko lehen fase honi amaiera emateko, eragileen iritziak jasoko dira. Ondoren, etorkizuneko estrategiak zehaztuko dira baina horren aurretik, maiatza bitartean gutxienez, ekintza hauek burutuko dira herriko eragile ezberdinek diagnosi honi buruz duten iritzia zein den jakiteko.

 

Ondorioak

Hori horrela, hauetxek izan ziren atalez atal nabarmendu ziren ondorio nagusiak. Udal Kirol zerbitzuari dagokionez, lan bikaina egiten duela azpimarratu zuen egungo kirol egituraren pisu gehiena mantentzen duelarik. Hala ere, giza baliabide eta baliabide ekonomikoei dagokionez, limitean dagoela ere garbi utzi nahi izan zuten. Planifikazio orokor baten falta somatzen du diagnosiak eta era berean, lankidetza publiko-pribatuaren arteko harremana ere sendotu beharra ikusten du.

 

Herriko kirol instalakuntzei buruz, datu benetan esanguratsuak kaleratu ziren. Oñatik 44 instalakuntza eta 71 kirol espazio ditu; adierazle bikainak. Hala ere, hauen batazbesteko antzinatasuna 36 urtekoa dela adierazi zuten; orokorrean nahiko zaharrak direla, alegia. Etorkizunera begira inbet¡rtsio plan zuzentzaile bat egitea ezinbestekoa dela aurreikusten du azterketak, kirol instalazioen errendimendua ona izan dadin. Hala ere, herriko kirol praktika instalakuntza hauetatik kanpo ere, sustatu beharko litzatekela nabarmendu zen. Oñati inguruan ditugun natur baliabideak zukutu eta indartu beharko liratekela esan zuten.

 

Igerilekuari dagokionez, diagnosiak aurkeztu zituen ondorioak ikusmira handia piztu zuen. Azterketa honek dioenez, «Zubikoako igerilekuak eskaintzen duen ur lamina, biztanle kopurua eta erabiltzaileen tamainarako egokia da» eta teknikoki igerilekuan soilik eraberritze bat egitea, ez dute bideragarria ikusten. «Antolakuntza bidez, arazoari irtenbide bat topatzea» egokiagoa ikusten dute epe motz batean. Hala ere, igerilekuak ordu jakin batzuetan duen erabiltzaile kopurua oso handia dela, onartu zuten. Azken finean, igerilekuan ekintza puntual bat egitea baino, kiroldegi osoaren azterketa sakon bat egitearen aldekoak direla azpimarratu zuen.

 

Kirol eragile ezberdinei dagokienez, hainbat datu eman ziren. Eskola kirolean esaterako, gaur egungo egitura indartu eta beste eragile batzuk ekintza honetara gerturatzea aurreikusten du azterketak. Era berean, aurrekontuak orekatu beharra ere somatu dio jarduera honi. Oñatiko Eskola Kirolaren antolaketa eredua ere, goraipatu nahi izan zuen García de Cortazarrek, Gipuzkoan bakarra dela azpimarratuz.

 

Etorkizunera begira gaur egun dauden kirol eragile ezberdinez gain, Mondragon Unibertsitatea, Pake-Leku edo Osakidetza bezelako eragileak herriko kirol sisteman txertazea, garrantzitsutzat jo zuten Kirol Management enpresako arduradunek.

 

Herriko kirol elkarte ezberdinek herrian egiten duten lana eta konpromiso maila altua nabarmendu zuten. Baina esparruen arteko loturak indartu behar direla ere, adierazi zuten. Laister batean indarrean sartuko den kirol teknikarien legedi berriak eragin zuzena izango du herriko elkarte guztietan. Lege berriak teknikari edo hezitzaile guztiak kontratu baten barruan sartuta izatea eskatuko du eta horrek, ekonomikoki eragin handia izango du elkarte guztietan. Era berean, teknikari edo hezitaile hauen formakuntza falta agerikoa dela azpimarratu zuten. Azterketan parte hartu duten teknikari, entrenatzaile, monitoreen...%72a formakuntza espezifiko gabekoa dela antzeman baita.


Eskaintzari dagokionez, Oñatiko kirol eskaintza izugarri zabala eta ona dela azpimarratu zuten. Hala ere kirol elkarteek, orokorrean, errendimenduari zuzendutako eskaintza egiten dutela ikusi da eta etorkizunera begira, datu demografikoetan aldaketa izango dela kontutan hartuz, elkarteek eskaintza egokitu egin beharko dutela ere adierazi zuten.

 

Azkenik, ekonomikoki orokorrean desoreka handia ikusten dela adierazi zen. «Oñatin kirola egitea oso merkea da. Eta horrekin ez dugu hori txarra denik esan nahi». Gaur egungo estrukturan Udalak pisu gehiegi hartzen duela esan zuten. Kirol elkarteen kasuan esaterako, «%30 diru publikoa izaten da eta gainontzeko %70 baliabide propioetatik ateratzen dute».

 

Etorkizuneko ildoak

Askotariko iritziak jaso ziren osteguneko prentsaurrekoan baina Udal arduradunek garbi utzi nahi izan dute «hau behin behineko argazki bat besterik ez dela eta etorkizuneko erabakia, herritar guztion artean hartuko dela». Horretarako, ekarpenak egin nahi dituenarentzat Udaletxean zein Zubikoa kiroldegian, datozen asteotan buzoi berriak jarriko direla aipatu zuen Nerea Zubia zinegotziak.

 

Diagnosiaren ostean, kirol arloan etorkizunerako ildoak zehaztea izango da hurrengo lana. Oñatiko kirolaren ildo estrategiko nagusiak erabaki eta egin beharrekoak kronograma baten bidez planifikatu ahal izateko.

 

Prentsaurrekoa entzungai

OK Magazineak osteguneko prentsaurreko guztia grabatzeko aukera izan zuen eta bertaratzerik izan ez zuten guztiei esan, beheko podcastean entzun ahal izango duzuela aurkezpen prentsaurrekoan esandako guztia.

 

Osteguneko aurkezpenean, hainbat eragile elkartu ziren Udaletxean.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.