Julen Retegik irabazi zuen ostiral iluntzean Zubikoako kiroldegian jokaturiko lau terdiko final laurdenetako lehia. Eratsuneko pilotaria, 15-22 nagusitu zitzaion Xalari. Binakako partiduan berriz, Rezusta eta Mendizabalek 22-13 irabazi zioten Lasa eta Ceciliori. Oñatiko pilotalekuko harmailak, lepo bete egin ziren profesional mailako jaialdia zuzenean ikusteko.
B taldeko final-laurdenetako ligaxkako azken partida izan zen Oñatikoa. Retegi Bi eta Xala izan ziren aurrez aurre. Lekuinekoak ondo hasi zituen partidako lehen minutuak (8-4 abantaila izan zuen) baina akatsak egiten hasi eta Julen Retegik ondo probestu zituen horiek. Azkenean, 15-22 nagusitu zen Iruñeako pilotari gaztea.
Retegi Bi-ren garaipenak, Ekaitz Saralegiri eman zion finalaurrekoetarako txartela. Izan ere, Eratsuneko pilotariaren garaipenari esker, Amezketarrak lau terdiko finalerdietarako sailkapena lortu du. Multzoko bigarren bezala sailkatu da -lehena Martinez de Irujo izan da-. Xalak berriz, agur esan zion txapelketari 35 urte betetzen zituen egunean bertan, Oñatin galduta.
Retegi Bi-k ez zuen ezer jokoan, dagoeneko kanporatua baitzegoen. Hala ere, garaipen eder batekin agurtu zen aurtengo lau terdiko txapelketatik. Saralegik, Juan Martinez de Irujoren kontra jokatu behar zuen asteburuan, baina esku bateko erdiko behatzean zuen arazo baten ondorioz, partida jokatzeari uko egin zion.
Xala: 15
Retegi Bi: 22
Iraupena: 50 minutu 30 segundo
Joko-denbora: 12 minutu 14 segundo
Pilotakadak: 298
Xala: 2 sakez, 2 airez, 1 dejadaz, 2 atzean, 7 galdutakoak, 3 erasoan galdutakoak
Retegi Bi: 1 sakez, 2 airez, 5 dejadak, 2 moztutakoak, 2 bi paretak, 4 galdutakoak, 4 erasoan galdutakoak