Pasaden irailaren 21ean, herri mailako bolajoko txapelketa jokatu zen San Martineko zuhaiztian. Urteroko legez, ikusmin handia piztu zuen lehiak eta partehartzeileak ez ezik, ikusle ugari bildu ziren bolajoku zaharraren inguruetan. Garailea Egoitz Atxaga izan zen.
Lehia polita eta berdindua eskaini zuten aurtengo txapelketan izena eman zuten parte hartzaileek. Guztira 78 bolarik eman zuten izena, Kurtze Baltz elkarteak San Migel jaien bueltan antolatutako urteroko hitzorduan.
Parte hartzaile guztiek jaurtiketa bana egin ostean, desberdinketa jokatu behar izan zen aurtengo bolo txapelketako irabazlea erabakitzeko. Lehen tiraldian 9na txirlo bota zituzten Jose Mari Beitiak eta Egoitz Atxagak. Berdinketa hausteko tiraldian, 2 bota zuen Beitiak eta 6 Atxagak. Garaipena beraz, Egoitz Atxaga tiralari gaztearentzat izan zen. Podiuma osatzen, Ritxi Perez sailkatu zen hirugarren postuan 7 bolorekin.