Eskubaloia

Eskubaloia
2013-11-21 10:30:31
ASTEBURUAN ZILARREZKO OHOREZKO LIGAN DEBUTATU DU
Jon Irizar: "Ez nuen espero horren goiz lehen taldean debuta egitea, sekulako esperientzia izan da"

Gizonezkoen eskubaloia emankorra izan da beti Oñatin. Aloña Mendik bere historia luzean, beti izan du talderen bat senior mailan. Batzuetan, maila apalagoetan eta beste batzuetan ordea, estatu mailako liga indartsuenetan. Urte gutxi izan badira ere, pasaden udaberrian 10 urte pasa ziren eskubaloiko senior taldeak lehen maila nazionalerako igoera historikoa lortu zuenetik.

 

Kirol mailan ordea, azken hamarkada honetan gainbehera etorri den sail bat dela dirudi. Hala ere, helburua kirol maila indartsu baten egotetik baino haratago doanez, Aloña Mendi eskubaloi sailaren egungo osasun egoera, oso ona dela esan daiteke. 12 talde federatu ditu eta 300 jokalaritik gora mugitzen ditu sailak. Azken urte hauetan gainera, elkarte bertatik irten diren jokalari bat baino gehiago zeresan handia ematen ari dira goragoko kategorietan. Hortxe daukagu Andoni Bernalen adibidea. Eibarko Arrate taldean urte batzuk egin ostean, azken urte hauetan Arrasate aldean diardu, lehen maila nazionalean.

 

Jon Irizarrek Zilarrezko ligan debuta

Hala ere, oraindik maila bat goragoko urratsa eman duen herritarrik ere topa dezakegu gurean. Izan ere, Aloñatik irten berri den jokalari gazte batek, Jon Irizar-ek, pasaden asteburuan Zilarrezko Ohorezko ligan (estatuko bigarren maila) debuta egin du Ereintza taldearekin.

 

Kadete mailan hasi zen Irizar Aloña Mendin. Eta iaz arte defendatu ditu talde gorritxoaren koloreak. Aurten baina, Errenteriako Ereintza taldera joateko erabakia hartu zuen. Jonek Donostian ikasten du eta dagoeneko aurten bere hirugarren urtea izango da Errenterian astean zehar entrenatzen. Hori dela eta, eskaintza jaso zuenean egokiena bertan gelditzea zela iruditu zitzaion: "Nik Aloñari asko zor diot, baina azken urte hauetan Donostian ikasita nik uste onena bertan gelditzea zela. Gainera eskaintza oso tentagarria zen. Bigarren taldeko fitxa izango nuen arren, lehen taldearekin entrenatzeko eta agian jolasteko aukera ere izango nuela agindu baitzidaten".

 

Esan beharra dago, Irizar Ereintza "B" (bigarren maila nazionala) taldeko jokalaria dela. Hala ere, astean behin lehen taldeaz entrenatzen du eta talde horretan jokatzeko aukera pasaden larunbatean bertan izan zuen Torrelavegan. "Egia esan ez nuen espero horren goiz lehen taldean jokatzeko aukera izatea, eta jipoi galanta jaso genuen arren, sekulako esperientzia izan zen".

 

Oñati Irratian elkarrizketa

Zilarrezko Ohorezko ligan egindako debutaren harira, atzo eguerdian Oñati Irratiko kirolen txokoan elkarrizketatu zuten Irizar. Oso pozik azaldu zen lortutako balentriagaitik eta bigarren taldeko jokalaria dela garbi duen arren, aurrerantzean lehen taldearekin gehiago jokatzeko gogor lan egingo duela ere adierazi zuen. Hurrengo aukera larunbat honetan izango al da Barça B liderraren aurka? Batek daki.

 

Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:

 

Jon Irizar Torrelavegaren aurkako partidan.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.