Korpus bezperako 10 kilometroko lasterketak badauka data. Antxintxiketan Kirol Elkarteak sare sozialetan jakinarazi berri duenez, ekainaren 2an jokatuko da aurtengo ekitaldia eta nobedade nagusia, emakumezkoen itzulera izango da. Zortzi urteren ostean, emakumezkoen lasterketaz gozatzeko aukera izango dugu berriro.
Zortzi urte igaro dira emakumezkoak Korpus bezperako lasterketatik desagertu zirenetik. Baina zorionez, egoera, berriz ere normalduko da aurtengo ekitaldian. Antxintxiketan taldeko lagunek ahalegin ugari egin dituzte azken urteetan, baina egiari zor, zailtasunak ere tamainakoak izan dira. «Data hauetan korrikalari gehienak pistan lehiatzen dira eta erritmo antzeratsuan dabiltzan emakume taldea lortzea oso zaila egin zaigu. Gizonezkotan errazagoa da, korrikalari askoz gehiago daudelako, eta ganorazko froga bat antolatzeko likidazioa izanda, gizonezkoen aldeko apostua egin genuen» onartu digu Asier Osinagak.
Zailtasunak zailtasun, antolatzaileek lanean jarraitu dute eta aurtengo ekitaldian aspaldiko amets bat errealitate bihurtuko dute. Eta Osinagak berak OK Magazineari onartu dionez, «aurten, emakumezko eta gizonezkoen lasterketak» antolatuko dituzte. Oraindik oso goiz da korrikalari zerrendak ezagutzeko, baina azken urteetako bideari jarraituz, Euskal Herrian maila altuan dabiltzan atleten arteko lehia ekarri nahi dute Oñatira.
Egun "Oñatiko 10 kilometroak" izena hartu duen proba historikoa da herrian. 2003 urtean sortu zen "Oñatiko Nazioarteko Herri Lasterketa"-ren jarraipena da eta hasierako urteetan mundu mailako atleta onentsuenak biltzen zituen hitzordua izan bazen ere, azken urteetan, bertako atleta onentsuenen lehia izatera pasa da.
Baina antolatzaileek ez dute inoiz «proba berezi eta ezberdin hau galdu nahi izan» eta 2016an urtebeteko eten bat izan arren, zorionez, lasterketak aurrera jarraitzen du. Bada, euskaldunen arteko erronka bereziak, urrats garrantzitsua eman du etorkizuneko oinarriak finkatzerakoan.
OK Magazineak Asier Osinaga antolatzailearengana jo du albistea baieztatu eta aurtengo probari buruzko xehetasun gehiago jakiteko. Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai: