Atletismoa

Atletismoa
2017-11-13 12:11:19
AZKEN HAMARKADAKO ZIFRA BAXUENA EMAN ZEN ATZOKOAN (68)
Oñatikoen parte-hartzea, nabarmen jaitsi da Behobia Donostia lasterketan

Iaz bezela, aurtengoan ere, Carles Castillejo eta Aroa Merino izan dira 53. Behobia Donostiako protagonista nagusiak. Biek ala biek, 2016ko garaipena errepikatu zuten eta helmugara iritsi ziren ia 25.600 korrikalarien artean, deigarria da, Oñatiko parte-hartzeak izan duen jaitsiera nabarmena. Azken hamarkadako zifra baxuena -68- eman zen atzoko ekitaldian.

 

Lasterketa herrikoietan herrikoienak, ekitaldi berria bete zuen atzo goizean. Urteroko legez, mundu osotik etorritako milaka korrikalarik osatu zuten Behobiatik Donostiara arteko ibilbide gora-beheratsua. Eta beste behin, atletismo festa erraldoiak ez zuen hutsik egin. Aurreikusitakoa baino eguraldi hobearekin, jendetza elkartu baitzen zirkuitu guztian zehar. 

 

Garaileei dagokionez, berrikuntzarik gabeko ekitaldia izan zen atzokoa. Bulebarreko helmuga zeharkatu zuten korrikalari azkarrenak, iazko izen eta abizen berbera zeramaten. Gizonezkoetan Carles Castillejo (1:00:39) kataluniarra, eta emakumezkoetan Aroa Merino (1:11:05) kanariarra izan ziren onenak. Zenbakiei dagokienean, iaz baino korrikalari gehiago iritsi ziren aurtengoan helmugara. Orotara, ia 25.587 lagun iritsi ziren Donostiaraino -iaz 25.371 izan ziren-.

 

Oñatiarren artean, Imanol Molinero (1:12:37) eta Saioa Arkonada (1:22:29) izan ziren azkarrenak. Molinerok, iaz baino segundu bat gutxiago behar izan zuen helmugara iristeko baina Arkonadaren kasuan, urte batetik besterako hobekuntza, nabarmena izan da. Iaz ere, herritar azkarrena izan zen baina orduko hartan, 1:24:05 osatu zuen ibilbidea.

 

Beheranzko joera

Datuak ikusgarriak badira ere, orokorrean, beheranzko joera izaten ari da Behobia azken urteetan. Eta hein handi batean ez da arraroa. Salbuespenak salbuespen, beste hainbat proba herrikoietan ematen ari den fenomenoa baita inskripzioen jaitsierarena. Urruti joan gabe, etxean bertan, sufriu dugu joera hau, Arrasate-Oñatiren gainbeherarekin.

 

Behobian esaterako, iaz jaitsi zen lehen aldiz -2002tik- izena ematea. 2015eko 33.840etatik, 31.276era pasa zen 2016an (%7,5 gutxiago), eta aurten ere, zertxobait jaitsi da zifra ikusgarri hori (30.912). 

 

Eta Oñatiarren parte-hartzeari dagokionean ere, aurtengoa izan da azken hamarkadako baxuena. 68 korrikalari eta patinatzaile bakarra soilik iritsi baitziren atzo helmugara. Eta datuak errepasatzen hasiz gero, jaitsiera deigarria dela ikusten dugu. Iaz eta 2015ean 88 izan ziren, 2014an 102, 2013an 94, 2012an 93, 2011an 126 -azken urteetako altuena-, 2010ean 120, 2009an 121 eta 2008an 89 txantxikuar iritsi ziren helmugara.

 

+ Oñatiko sailkapena. 

Bernal eta Olasagasti helmugara iristen. Argazkia: Goiena.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.