Eskubaloia

Eskubaloia
2017-08-25 11:30:40
BERA BERA ETA VALLADOLIDEK LAGUNARTEKOA JOKATU ZUTEN ATZO ZUBIKOAN
Goi mailako eskubaloia Lekaixoka!

Super Amara Bera Bera eta Aula Valladolid taldeek, lagunarteko berezia jokatu zuten atzo Zubikoan. Emakumezkoen Ohorezko mailan diharduten bi taldeek, irailaren 24an Oñatin ospatuko den Kilometroak jaiarekin bat egin zuten. Eta lagunartekoa izan arren, jokalariek ikuskizun polita eskaini zuten. Azkenean, donostiarrak 30-24 nagusitu ziren.

 

Goi mailako eskubaloi partidua ikusteko aukera izan zuten atzo Oñatiko Zubikoara hurbildu zirenek. Liga eta Kopako azpitxapelduna, eta Europako EHF txapelketa jokatuko duen Super Amara Bera Bera, eta pasaden denboraldian ligan seigarrena izan zen Aula Valladolidek, lagunarteko interesgarria jokatu zuten. Irailaren 24ko Kilometroak jaiaren harira ekarri zuten partidua gurera Txantxiku Ikastolako arduradunek eta abuztua izanagatik ere, 300 zaletutik gora elkartu zituen atzoko hitzorduak.

 

Beroa eta hezetasuna izan ziren eguneko protagonista nagusiak. Bera Berari esaterako, asko kostatu zitzaion partiduan sartzea. Kanpotarrak 0-3 aurreratu ziren markagailuan eta hamabigarren minutura arte, ez ziren parean jarri Pucheren neskak (6-6). Hortik aurrera, lehia asko berdindu zen eta donostiarrak, 15-14 aldeko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira.

 

Bigarrenean Bera Bera gehiago

Atzokoa, Pucheren taldearen hirugarren lagunartekoa izan zen. Aurrez, Zarautzi 30-5 eta Zuazori 26-24 irabazita, hirugarren garaipenaren bila kantxaratu ziren bigarren zatian Bera Berakoak. Lehen minutuetan baina, parekotasun handia mantendu zen. Zazpigarren minutuan esaterako, Valladolidek partidako azken aldea hartu zuen. Ondo landutako eraso batean 17-18 aurreratu ziren baina hortik aurrera, donostiarrak gehiago izan ziren.

 

Defentsa zein erasoko erritmoa bizitu eta errotazio handiarekin, lehia bizitzea erabaki zuen Puchek. Eta poliki-poliki bada ere, markagailuan agintzen hasi ziren. 6-2ko partzial bati esker, 23-20 aurreratu ziren 45. minutuan eta lagunartekoa amaitu bitartean, abantaila kudeatuz, aldea handitu, eta 30-24 emaitzarekin nagusitu ziren.

 

Liga eta Europa hasiera jomugan

Emakumezkoen Loterias Ohorezko maila, irailaren 6an hasiko da. Atzokoa beraz, aurredenboraldiko azken-aurreko partidua izan zen Bera Berarentzat. Irailaren 6an ekingo dio sasoi berriari Castellón eta hiru egun beranduago, hilaren 9an, Europako EHF kopako lehen partidua jokatuko dute Gaskan. Irailaren 13an Rocasa hartuko dute Bidebietan eta 16an, Portugalen jokatuko dute EHF-ko itzulerakoa.

 

Atzokoa beraz test garrantzitsua izan zen Pucheren jokalarientzat. Alba Menéndez kapitainak adierazi zigunez, «urte hasiera oso gogorra» izango da. Helburuei buruz galdetuta, «partidaz partida, baina jokuan dituzten txapelketa guztiak irabaztera» kantxaratuko direla jakinarazi zuen. 

 

Antolatzaileak pozik

Abuztua izanik, Kilometroak taldeko arduradunek beldur pixka bat zioten atzoko hitzorduari. «Hasiera batean astebete lehenago jokatzeko proposamena egin ziguten bi taldeek baina guretzat data oso txarra zen» zioen Ane Kortabarriak. Atzo egin zuen giroa ikusita, 300 pertsonatik gora biltzea «albiste oso ona» izan zela aitortu zuen. Elkartu zen jende kopuruarekin, zein kantxan ikusi zen ikuskizunarekin «oso pozik» gelditu ziren antolatzaileak.

 

+ Partiduko argazki galeria.

Adriana Cardoso jaurtiketa egiten.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.