Eskubaloia

Eskubaloia
2017-05-18 11:17:41
AITOR BIAIN BARRENAREN IGOERA FASEKO KRONIKA PERTSONALA
Geroak oroituko duena

Egia da, finalak irabazteko dira. Eta, bai, orbain mingarri bat geratu da azalean; beste bat. Eta bai, egia da, alferrikakoa da orain bueltak ematen hastea: Gol hura sartu izan balu? Eta penalti hura geratu? Eta epaileak beste zerbait adierazi izan balu? Baina alferrikakoa izanagatik ere, ekidin ezina da. Helburua hatz puntekin ukitu duzunean, horren gertu egon zarenean, halabeharrez egiten den zerbait da. Eta, beharbada, horregatik asteburua bera baloratzean, batek baino gehiagok usteko du igoera lortu ez izanak urteko lan guztia pikutara bidali duela. Baina ez da horrela.

 

Ilusioz gainezka hurbildu ginen Burgos aldera, balentria errepikatu nahian. Burgosen hasiera ez zen erreza izan, ordea. Etxekoak genituen lehen aurkariak, eta partida gogorra bezain zaila espero genuen. Hala izan zen. Amaieran baina, berdinketa. Puntu hark tximeletak sortu zizkigun tripetan, eta benetako aukerez jabetzeko beta eman. Bigarren egunean aldiz, gauzak bestela izan ziren; itxuraz partidarik errazena espero zena, amesgaizto bilakatu baitzen. Azken minutuetan ihes egin zuen garaipenak eskuetatik, eta igoeraren ametsak berarekin. Zorionez baina, aho zapore onarekin amaitu genuen fasea, txapeldunen aurkako azken partida irabazita.

 

Porrot bat, berdinketa bat eta garaipen bat; eta sailkapeneko BIGARREN postua. Burgoseko emaitza benetan goraipatzekoa da, igoera lortu ez arren. Asteburuak baina kontu azpimarragarri gehiago utzi ditu emaitzatik harago. Izan ere, talde honek inoiz burutu duen denboraldirik onena eginda iritsi da honaino: liga erregularrean txapeldunorde geratu da, eta txapelketa azken unera arte esku-eskura izan du. Euskal fasea ere nagusitasun handiz irabazi zuen etxean, zaleen aurrean, sekulako erakustaldia emanda. Hori gutxi ez, eta Espainiako Lehenengo Maila Nazionalera igotzeko fasea jokatzera iritsi da; maila emanda gainera.

 

Nabarmentzekoa da, halaber, taldeak geroa baduela erakutsi duela. Harrobiko jokalari gazteekin osatutako taldea baita, eta maila oso altua erakutsi dute denek, fasean zein denboraldi guztian zehar. Zenbaitzuk gainera, bigarren taldeko jokalariak izaki, asteburu bakoitzean bi partida ere jokatu dituzte; baita bietan maila eman ere. Etorkizun oparoa du taldeak, eta oharretan gorriz idazteko modukoa da hori.

 

Horrez gain, azpimarratzekoa da jokalariek uneoro izandako portaera, kantxan zein kantxatik kanpo. Horren adibide da, esaterako, larunbateko partida galdu ostean, hura ahaztu eta hurrengo erronkari begira jartzeko izan zuten gaitasuna. Hirugarren zatia jokatzen ere ongi daki talde honek…Ez baitago ezer garagardo batek konpontzen ez duenik!

 

Kantxatik harago, goraipatzekoa da zaletuen jarrera. Nola liteke gurea bezalako herri txiki bateko talde batek horrenbeste jende mugiaraztea? Burgosko kiroldegiko harmailetan jaun eta jabe izan ginen, bertakoen harridurarako. Urteko partida guztietan Zubikoa beteta ikusi dugu, eta zinez eskertzekoa da hori. Etxetik kanpo hainbeste lagunen babesa izatea baina, txalotzeko modukoa da. Jendetza hurbildu baitzen jokalariei animoak ematera. Faseko hiru partidetan oñatiarren babesa izan zuten jokalariek. Ez nolanahikoa gainera.

 

Kate luze bateko katebegi bat besterik ez da talde hau. Orbainez josita dagoen kate baten parte gara, familia txiki bateko partaide. Orbain bat gehiago izango dugu aurrerantzean, eta orain minkorra izan badaiteke ere, geroak oroituko duena izango da hau, harro erakutsiko duen horietakoa.

 

Aitor Biain Barrena


Jokalariak eta zaleak elkarrekin, Burgoseko kantxan.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.