Futbola

Futbola
2017-02-27 16:55:03
IKER JAUSOROREN USTEKABEKO HERIOTZAK ATSEKABETUTA UTZI DU OÑATIKO KIROLA
Laster arte Iker!

Iker Jausororen ustekabeko heriotzak atsekabetuta utzi du Oñatiko herria. Gaur egun, Elgoibarren bizi bazen ere, oso ezaguna baitzen gurean. Pertsona oso irekia. Alaia eta lagunkoia; lagunen laguna. Eta kirolari aparta. Aloña Mendiko futbol sailean eman zituen bere lehen urratasak eta besteak beste, hirugarren mailarako igoera eman zuen Herizeko garaipen historikoan gola egiteagatik, oroituko dute betirako, futbol saileko lagunek.

 

Valdezcarayko eski estaziotik gertu, San Lorentzo mendian erraketekin trekking bat egiten ari zirela, zendu ziren atzo arratsaldean Joseba Zinkunegi eta Iker Jausoro mendizaleak. Oraindik argitu gabe dauden kausen ondorioz, 300 metro inguruko altuera handi batetik amilduta hil ziren. Eibartarra lehena eta Oñatiarra bigarrena, Elgoibarren bizi ziren. Baina oso ezagunak ziren bere sorterrietan.

 

47 urteko txantxikuarrak, kirolari loturiko bizitza utzi zuen atzo San Lorenzoko mendi magalean. Aloña Mendiko futbol sailean hazi zen futbol jokalari bezala eta bertan egin zuen ibilbide apartagatik, gogoratuko dugu betirako. Urte asko egin zituen talde oñatiarrean elastikoa defendatzen eta kategoria guztietatik igaro ostean, futbol saileko historiako urterik garrantzitsuenen parte izan zen.

 

1994an esaterako, Herizeko futbol zelaian lortu zen garaipenak, hirugarren mailarako igoera historikoa eman zion Aloña Mendiri eta Jausoro, golegileetako bat izan zen arratsalde ahaztezin hartan. Hirugarren mailan ere jokatu zuen. Beraz, herriko futbol jokalari askoren ametsa betetzea lortu zuela esan daiteke.

 

Taldeko gizona

90eko hamarkadan Ikerren taldekide izan ziren hainbat jokalari ohiekin hitz egin du gaur goizean OK Magazineak eta guztiek nabarmendu nahi izan dute Jausororen nortasun berezia: «Oso pertsona alaia zen. Taldea egiten zuen horietakoa» diote. Eta jokalari moduan ere, dohai apartak zituen: «Erasoko jokalaria zen. Hegalean jokatzen zuen eta bere polibalentziari esker, Gipuzkoako selekziotik ere deitu zuten» esan digu saileko presidenteak.

 

Kolpe gogorra izan dela diote guztiek eta azken urteetan Elgoibarren bizi bazen ere, taldekide gehienekin «oso harreman estua» mantentzen zuen. Momentu gogor hauetan, «dolumin sentikorrak eta besarkada handi bat» bidali nahi diete Jausororen senitartekoei.

 

Kirolari petoa

Futbola aspaldi utzi bazuen ere, beti mantendu zen sasoiko Jausoro. Korrika, bizikletan edo mendian, makina bat proba ezagunetan lehiatzen ikusi genuen. Zalantza izpirik gabe, kirola bere bizitzako ardatz nagusietako bat zen. Lanak eta familiako betebeharrek uzten zizkioten tarte guztiak aprobetxatzen baitzituen.

 

Kirola eginez joan zaigu Jausororen arima. Baina bere memoria eta irrifarra, betirako geldituko dira Oñatiko kirolaren historian. Goian bego!

Jausoro, 3. mailara igo zen eguneko ospakizunetan. Argazkia: Udal Artxiboa (J.M. Arzuaga funtsa).

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.