Atletismoa

Atletismoa
2016-11-02 17:10:35
AMAIA BERNAL, SERGIO GARCIA ETA MAITE ANTON PROTAGONISTA
Bi garaipen eta hirugarren postu bat, asteburuko lasterketa ezberdinetan

Urriko azken asteburuak albiste on ugari utzi dizkigu mendi lasterketa eta atletismo probei dagokienean. Hiru oñatiar podiumera igo baitira han-hemenka jokatu diren lehia ezberdinetan. Amaia Bernal emakumezkorik azkarrena izan zen igandean, Donostiako 3 Mendiak lasterketako erdiko modalitatean. Maite Anton berriz, hirugarren kaxoira igo zen Osintxuko mendi lasterketan eta atzo goizean azkenik, Sergio Garciak, Valladolideko Zaratán herrian jokatu zen lasterketa herrikoi bat irabazi zuen.

 

Donostiako 3 Mendiak lasterketak laugarren ekitaldia bete zuen igande goizean. Kontxako hondartzatik abiatuta, egitaruak hiru lasterketa eskaintzen zituen. 6,5 kilometrokoa Igeldon amaitzen zen. 9 kilometrokoak Igeldo eta Urgul hartzen zituen eta Donostiako hiru mendiak (Igeldo, Urgul eta Ulia) zeharkatzen zituen modalitate luzeenak, 15,1 kilometroko ibilbidea aurkezten zuen. Amaia Bernal, emakumezkorik azkarrena izan zen erdibideko distantzian. Oñatiarrak 00:46:10 osatu zuen ibilbidea eta bost minututik gora atera zion helmugan bigarren sailkatua izan zen Ana Rodriguez hernaniarrari (00:51:54). Podiuma, Karina Fuertes (00:53:33) donostiarrak osatu zuen.

 

Donostiako probaz gain, etxetik gertuago, Osintxun, bertako mendi lasterketaren lehen ekitaldia jokatu zen igandean. Hemen ere, Oñatiko emakumezko bat maila ederrean aritu zen. 10 kilometroko ibilbide gorabeheratsua gainditu behar izan zuten proban izena eman zuten lehiakideek eta kasu honetan, gehien nabarmendu zen txantxikuarra, Maite Anton izan zen. Antonek hirugarren postuan amaitu zuen lasterketa 01:02:13 kronoaz. Garaipena, Mayi Mujika Elgoibartarrarentzat (00:58:24) izan zen.

 

Garcia garaile Valladoliden

Mendi lasterketetatik herri lasterketetara pasata, beste astebetez, Sergio Garcia Aloña Mendiko korrikalariaren izena aipatu behar dugu. Sasoi puntu bikainean jarraitzen du oñatiarrak eta asteburu honetan, Zaratánen (Valladolid) jokatu den "Carrera de la Salchicha" proba irabazi zuen.

 

700 lasterkari batu ziren 6,5 kilometroko zirkuitua egitera eta guztietan onena izan zen Garcia 22:38 kronoaz. Zortzi segundu atera zizkion Enrique Rodriguez (22:46) bigarren sailkatuari eta podiuma, Rubén Dominguezek (23:14) osatu zuen. Esan beharra dago, atzokoarekin dagoeneko bost garaipen pilatu dituela Garciak proba honen sei ekitaldietan.

Asteburuko hiru protagonistak podiumetan.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.