Txirrindularitza

Txirrindularitza
2016-09-11 20:32:00
8. POSTUAN AMAITU DU MENDIKO KRITERIUMA
Xabi Murgiondo hirugarren, Mikel Deunaren LVIII Sarian

Gaur arratsaldean amaitu da jubenil mailako txirrindulari denboraldia. Asteburuan, Oñati, Segura eta Liernian jokatu den zita hirkoitzarekin -Mendiko kriteriuma-, itxi da Aloña Mendiren azken urteetako denboraldirik oparoena. Oñatiko ziklistek, sekulako maila eskaini dute ikasturte guztian zehar eta gehien nabarmendu den txirrindularia, Xabi Murgiondo, garaipenetik gertu ibili zen atzo Oñatiko Mikel Deunaren sarian. Esprintean erabaki zen lasterketan, hirugarren postua eskuratu zuen txantxikuarrak. Mendiko kriteriumeko sailkapen orokorrean berriz, zortzigarrena izan da.

 

Mendiko kriteriuma izan da jubenil mailako ziklisten denboraldiko azken hitzordua. Hiru lasterketa, bi egunetan. Lehena, atzo goizean Oñatin jokatu zen Mikel Deunaren LVIII. Saria. Bigarrena, gaur goizean Lierniako errepideko lasterketa, eta hirugarren eta azken hitzordua, gaur eguerdian Liernian bertan lehiatu duten erlojupekoa.

 

Pasaden astean Ibarran lorturiko garaipenaren ostean, moralez gainezka iritsi dira ikasturteko azken hitzordura Aloña Mendiko txirrindulariak eta beste behin, garaipenetik oso gertu ibili dira. Xabi Murgiondo izan da gure ordezkari onena eta atzo, etxeko lasterketan, hirugarren postuan amaitu zuen proba txantxikuarrak.

 

88 kilometro egin ostean, esprintean erabaki zen garaipena eta Unibertsitate Hiribideko zuzengunean azkarrena, Unai Iribar (Limousin Cartonajes) izan zen. Gari Lagneten (SA Mauleon) eta Xabi Murgiondo izan zituen atzetik, bigarren eta hirugarren postuetan hurrenez hurren. Oñatiarra lasterketa irabazteko faboritoetako bat zen baina proban zehar atzetik aurrera egindako lanak, eragina izan zuen. Santipillauko malda gogorrean ez zen aurrekoen erritmoa jarraitzeko gai izan eta azken kilometroan lasterketa buruko zazpikotearekin bat egin bazuen ere, esprintean ezin izan zuen ezer egin, Iribarren indar erakustaldiaren aurrean.

 

Proba amaitu ahalaz bat, protagonistarekin hitz egiteko aukera izan genuen. Hemen dituzue bere adierazpenak:

 

 

Liernian ere aurrean

Atzoko etapatik errekuperatzeko astirik gabe, gaur goizean goiz Liernia aldera jo dute Aloña Mendiko ziklistek. Goizeko lehen orduan, 55 kilometrotako errepideko lasterketa lehiatu behar izan dute eta bigarren etapa hau, Bazpi taldeko Iñigo Altunak eraman du. Oñatiko ordezkarien artean Xabi Murgiondo izan da onena zortzigarren postuan. Garaileak baino 26 segundu gehiago behar izan ditu oñatiarrak helmugan.

 

Eguerdian azkenik, lau kilometroko erlojupekoa gainditu behar izan dute ziklistek eta goizean bezala, eguerdiko lasterketako gizonik indartsuena, Iñigo Altuna izan da. Xabi Murgiondok seigarren postuan amaitu du erlojupekoa (garaileagatik 20 segundutara) eta Mikel Arregi antzuolarrak ere lan polita egin du, 15. postua eskuratuz.

 

Altuna onena kriteriumean

Asteburuko hiru lasterketak batuta, txirrindulari erregularrena Iñigo Altuna izan da. Bazpi taldeko ziklistak 87 puntu eskuratu ditu eta 20 puntuko aldea atera dio bigarren postua eraman duen Luis Mari Garikanori. Hirugarren postua, Oñatin garaile izan zen Unai Iribarrek (56 puntu.) eraman du. Ulma Aloña Mendiko ziklista onenak, Xabier Murgiondo (8.) eta Mikel Arregi (20.) izan dira.

Murgiondo pozik, Oñatin irabazitako sariekin.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.