Mendia

Mendia
2016-07-27 07:54:44
ASTEBURUAN JOKATU DA LASTERKETA BARRUERAN (KATALUNIA)
Iokin Garai 13. munduko Ultra txapelketan

Iokin Garai mendi lasterkari oñatiarrak 13. postuan amaitu du asteburuan, Barrueran (Katalunia) jokatu den munduko Ultra Trail txapelketa. Denboraldiko helburu nagusia zena, nota bikainarekin gainditu du Euskal selekzioko korrikalariak.

 

Larunbat goizeko ordu txikietan hasi, eta igandera bitartean, munduko mendi lasterkari onenak elkartu dira Piriniotan. Barruerako herriak distantzia ezberdinetako mendi lasterketak hartu ditu (ultra, maratoia, maratoi erdia eta kilometro bertikala) eta probarik gogorrenean, Buff Epic Ultra trailean, Oñatiar bat TOP 15ean sartu da. Iokin Garai korrikalariak lasterketa bikaina osatu zuen eta sailkapen nagusiko 13. postua eskuratuz, ondo baino hobeto gainditu du urteko helburu nagusia zen munduko txapelketa hau.

 

105 kilometro eta 7950 metrotik gorako desnibela gainditu behar izan zituzten ultra traileko lehiakideek. Garailea, Luis Alberto Hernando (11:36:20) espainiarra izan zen eta ia ordu erdi atera zion helmugan Andy Simons (12:05:07) bigarren sailkatuari. Aipatu, podiumeko hirugarren koskatxoa, Euskal Selekzioko Javi Dominguezek (12:16:16) eskuratu zuela.

 

Iokin Garai txantxikuarrak egundoko lasterketa burutu zuen. Aurreneko aldiz aritu zen Euskal Selekzioko ordezkari gisa, eta Munduko txapelketa batean ere, debuta egin zuen larunbatean Garaik. 13:39:38an iritsi zen helmugara eta korrikalariak OK Magazineari adierazi dionez «oso gustora» gelditu da egindako lanarekin. «Prestaketaren azken fasean gora-behera batzuk izan ditut, baina G2Hko emaitzak, konfidantza eman zidan eta asteburuan bizi izandako esperientzia ahaztezina izan da. Eskerrik asko amets hau errealitate egiten lagundu didazuen guztioi». Dominguezen ostean, Euskal selekzioko bigarren atleta azkarrena izan zen oñatiarra.

 

Hiru Haundiak hurrengo erronka

Iaz Lavaredon (Italia) Munduko kopan 15. postua eskuratu ostean, asteburuan lorturiko emaitza, Garairen kirol kurrikulumeko garrantsitsuenetarikotzat jo daiteke. Aurretik izan zituen atleta gehientsuenak profesionalak edo ia profesionalak baitira eta oñatiarraren kasuan, irakasle lanarekin partekatzen du bere afizio hau.

 

Datozen 15 egunetan atsedena hartuko duela iragarri badigu ere, urriaren 15ean jokatuko den Hiru Handiak lasterketa izango da Iokinen denboraldiko azken helburua.

Garai zoriontsu, helmugara heltzen. Argazkia: www.iosugarai.com

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.