Txirrindularitza

Txirrindularitza
2016-07-21 08:18:22
JAY LAPOINTE MUNDUKO TXAPELKETAKO LIDERRA GUREAN IZAN DA
Ziklismo egokituko EEBBko txapelduna, Oñatitik pasa zenekoa

Txirrindularitza egokituko munduko ziklista onenak, Euskal Herrian izan dira. Pasaden uztailaren 15etik 17ra bitartean, Gasteiz, Elorrio, Mungia eta Bilbok, Munduko txapelketako proba puntuagarriak hartu dituzte. Bere kategorian munduko txapelketako lider den Jay Lapointek, Oñatin hartu du ostatu egunotan. Lehian aritzeaz gain, gure herria barrutik ezagutzeko aukera izan du EEBBko txapeldunak.

 

Saiatu Fundazioa eta UCIk (Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoa) Munduko txapelketako proba puntuagarri bat ekarri dute pasaden asteburuan Euskal Herrira. Uztailaren 15etik 17ra bitartean, Gasteiz, Elorrio, Mungia eta Bilbok txirrindularitza egokituko munduko ziklista onenak hartu dituzte. 35 herrialde ezberdinetako 311 lehiakide bildu ditu probak eta ziklismoaren modalitate ezberdin honetan, inoiz Euskal Herrian egin den ekitaldirik garrantzitsuena izan da.

 

Mundu mailako txapelketa izaki, gaur egun txirrindularitza egokituan dauden kirolari onenak lehiatu dira gurean eta horietako batzuk, Riora begira daude. Izan ere, Joku Olinpikoak amaitu ahalaz bat, Brasileko hiriburuan bertan, Paraolinpiadak egingo dira. Eta azken egunotan Euskal Herrian egon diren kirolari ugari, bertan izango dira. Azkenaldian amets hori bilatu nahian dabilen Jay Lapointe (Las Vegas, Nevada) estatubatuarrak, Oñatin hartu du ostatu hamabost bat egunez.

 

Oñatira iritsi aurretik baina, bidaia luze bezain nekagarria osatu behar izan zuten Lapointe eta bere amak. 15 egunetarako maletak prestatzeaz gain, kasu berezi honetan, bizikleta egokitua eta bere egunerokoan mugitzeko erabiltzen duen motor txikia ere ekarri behar izan baitzuen. Hori horrela, uztailaren 6an iritsi zen Oñatira eta txapelketan lehiatzen hasi aurretik, bederatzi egun izan zituen bertara egokitu eta Oñati ezagutu ahal izateko.

 

Oñatiko familia bati esker, herriko toki esanguratsuenak bisitatzeko aukera izan du txirrindulariak eta turismoa egiteaz gain, bertako gastronomia eta ohiturak ere ezagutu ditu. Jaso duen tratu ona eskertzeko gainera, Munduko txapelketan erabili duen maillota oparitu zion Lapointek familiari.

 

Tokio 2020 helburu

Txirrindularitza egokituan hasi aurretik, motoziklismoa zen Jay Lapointeren afizio nagusia. EEBBtan ospatzen ziren txapelketa ezberdinetan marka politak lortu zituen eta bere ametsa, pilotu profesional izatea bazen ere, 2004ko ekainean bizitza erabat aldatu zitzaion. Motor gainean izandako istripu baten ondorioz, C-4 ornoa hautsi zuen eta lesio larri horren ondorioz, gurpil-aulki baten gainean gelditu zen. Lehen urteak oso gogorrak izan ziren Lapointerentzat, baina errekuperazio gogor bati esker, poliki-poliki altxatu eta bere kabuz mugitzen hasi zen.

 

2013an egokituriko ziklismoan sartu zen eta ordutik hona, bere eboluzioa izugarria izan da. Maila baxuko txapelketetan emaitza bikainak lortzen hasi zen aurrena, eta azken bi urteetan, Estatu Batuetako erreferentzia bilakatu da bere kategorian. Errepidean zein erlojupekoan, EEBBko txapelduna izan da eta aurtengo denboraldian esaterako, Pietermaritzburgo (Hego Afrika) Munduko txapelketako proba puntuagarria irabazi zuen bi modalitatetan.

 

Epe motzera begira Munduko txapelketan duen lidertza sendotu eta berau irabaztea helburu badu ere, Lapointek bere bizitzako lehen ametsa bete du. Istripu larria gainditu, eta kirolera itzuli baita. Orain baina, bere hurrengo ametsa 2020ko Tokioko Joku Paraolinpikoetarako sailkatzea izango da.

Oñatin hartu du ostatu egunotan EEBBko txapeldunak. Argazkia: Juan Armentia.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.