Atletismoa

Atletismoa
2016-07-08 09:49:45
BI URTE KORRIKA EGIN EZINIK EGON DA MARISOL RAMOS
Lehen argi-printzak, tunel ilunaren amaieran

Torreauzoko XIX. Krossak irudi benetan pozgarria utzi zuen asteburuan. Marisol Ramos atleta beteranoa lasterketa batean ikusteko aukera izan baikenuen aspaldiko partez. Geldi egon den bi urtetik gorako denbora tarte honetan, oineko estrés-haustura bat osatu ezinean ibili da. Oraindik bere sasoi onenetik urruti badago ere, poliki-poliki lehen argi printzak ikusten hasia da Ramos, tunel ilunaren amaieran.

 

«Nire kirol ibilbideko urte gogorrenak izan dira. Asko sufritu dut». Horiek izan dira Marisol Ramosek OK Magazineari atzo bertan egin dizkion adierazpenak. Hitz horiek agerian uzten dute zer nolako gurutzebidea eraman duen azken bi urte pasatxo hauetan, Aloña Mendiko atleta beteranoak. Duela urte gutxi Oñatiko kirol panoraman erreferente nagusi izan genuen korrikalaria min hartuta egon da, eta atletismo mundua erabat baztertuta izan du. Baita bizitza aktiboa ere. «Korrika ezin nuen egin. Baina okerrena, pasiaran ere min nuela izan da. Nire bizi estiloa erabat aldatu beharra izan dut bi urteotan» onartu digu Ramosek.

 

Eskuin oinbularreko (eskafoide) estrés-haustura bat izan da arazoa. 2013ko denboraldia minekin osatu zuen Ramosek eta 2014ko otsailetik, lehiatu eta entrenatu ezinik ibili da. Tarte honetan milaka proba egin dizkiote eta korrika egitera itzuliko zenik ere, zalantzan jarri du sarritan atleta beteranoak: «Espezialista ugari bisitatu ditut eta batek baino gehiagok korrika egiteari uzteko gomendioa egiten zidaten». Esan beharra dago, denbora tarte honetan, erabat geldi egon dela.

 

Zorionez baina, azken asteetan korrika pixka bat egiten hasteko aukera izan du eta minak erabat desagertu ez diren arren, astean bizpahiru saio motz egiten hasi da Ramos. «Lesioa ez dut erabat gainditu. Batzuetan min ematen dit oraindik, baina gutxienez, astean saioren bat edo beste egiten hasi naiz; ez da gutxi» zioen txaropentsu.

 

Palmares handiko atleta

Azken hamarkadan lortu duen palmaresa ikusirik, Oñatiko herriak eman duen kirolari emankorrenetariko bat izan da Marisol Ramos. Bere garaipen-zerrenda amaigabea da. Euskal Herrian, Espainian, zein mundu mailan nabarmendu baita. 2009an munduko azpitxapelduna izan zen pistako 10.000 metroetan; 2011an munduko hirugarrena pistako 3.000 metrokoan; 2012an Europako txapelduna izan zen maratoi erdian, eta 2013an munduko onenaren errekonozimendua eraman zuen azken distantzia honetan. Hauetxek dira besteak beste, beterano mailan azken urteotan lortu dituen saririk garrantzitsuenak.

 

Garaipen guzti hauen ondorioz hainbat errekonozimendu jaso ditu eta maitatuenak, gertukoenak izan direla onartu digu. 2008, 2010 eta 2012an Oñatiko kirolari onenaren sariak irabazi zituen eta 2008 eta 2009an, Debagoienekoak. Errespetu handia merezi duen atleta baten aurrean gaudela agerikoa da.

 

Etorkizuna

Aurrera begira dituen asmoetaz ere hitz egin digu Ramosek: «Garrantzitsuena arazo guztiak gainditzea izango da». Horixe da bere buruan bueltaka dabilen lehen helburua. Baina Ramosek ez du mugarik jarri nahi: «Ea ba poliki-poliki martxa hartzen dudan eta irailetik aurrera serioago entrenatzen hasterik daukadan. Horrela bada, lehengo maila berreskuratu nahiko nuke» zioen.

 

Saiatu, saiatuko da baina berak ondo dioen moduan «era honetako geldialdi luzeek adin honetan ez dute barkatzen». Ramosek 57 urte ditu baina espiritua, sasoia eta ilusioa, gazte mantentzen ditu oraindik. Azken urteetan bere aurpegian itzalita izan duen irribarrea, distira egiten hasi da berriz ere. Zorion horrek, luzaroan iraun dezala. Albiste bikaina litzateke.

 

Torreauzoko lasterketan itzuli zen igandean Marisol Ramos. Argazkia: Santi Mendiola.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.