Triatloia

Triatloia
2015-11-25 19:05:36
URTARRILETIK AURRERA, ALOÑA MENDIKO SAIL BERRIA IZANGO DA
Ziklo aldaketa Oñatiko triatloian

Oñatiko Triatloi taldea aldaketa prozesu batean murgilduta dago. Urtarriletik aurrera, Aloña Mendiko sail berria izango da eta momentu hauetan, datozen hiru denboraldietarako kirol proiektua diseinatzen ari dira. Era berean, 2016. urtea oso berezia izango da taldeak antolatzen duen urteko proba bakarrarentzat. Martxoan 25 urte beteko ditu Oñatiko duatloiak eta ekitaldi hori ere, mimo handiz gertatzen ari direla onartu zuten taldeko ordezkariek, Oñati Irratian eskaini zuten elkarrizketa batean.

 

Oñatiko triatloi taldeko lagunak datozen urteetarako plangintza integrala diseinatzen ari dira. Denboraldia amaituta badago ere, klubean lan dexentekin ari dira azken hilabeteotan eta kirol arloan ez ezik, taldearen etorkizunean eragin handia izango duten hainbat erabaki gauzatzen ari dira. Aldaketa nagusiena, talde independiente izatetik, Aloña Mendiko estrukturan sartzea izago da. «Tramite guztiak gauzatu ditugu eta irailetik, elkarteko sail gisa funtzionatzen dugu» zioen Andoni Correasek, Oñati Irratian. Hala ere, ofizialki, urtarrilean gauzatuko da aldaketa eta urte berrian sartzearekin batera, Oñati Triatloi taldea izatetik, Aloña Mendi triatloi taldea izatea pasako da.

 

Azken kirol proiektua bost denboraldiz luzatu da. 2011 hasi eta oraintxe amaituko delarik. Hori horrela, izen aldaketaz gain, taldeak ziklo aldaketa ere aurreikusten du. «Aurreko babesleekin geneukan hitzarmena abenduan amaitzen da eta izen aldaketa izango dugula kontutan hartuta, jantziak eta babesleak ere berrituko ditugu» onartu zuen Mikel Larreak.

 

3 urterako proiektua

Kirol proiektu berria hiru urtekoa izango dela baieztatu zuten asteleheneko irratsaioan. «Aurrez genituen babesle batzuk mantendu egingo ditugu baina beste bizpahiru enpresekin negoziatzen ari gara momentu hauetan». Babesletzarako ateak oraindik irekita daudela gogoratu nahi izan zuen Larreak eta era berean, enpresei eskatzen ari diren kantitateak ere jakinarazi zituen: «Taldearen aurrekontua ez da oso handia eta biltzen dugun diru kopurua kirolariei laguntzeko izango da; erropekin, fitxarekin...alde horretatik taldea babestu nahi duen horri, garbi utzi nahiko nioke 600-900€ urteko kostu batetaz hitzegiten ari garela».

 

Aurrerantzean kolore gorria eta urdina izango dituen ekipamendua prestatzen ari dira eta Aloña Mendiren estruktura barruan sartzeak, abantailak besterik ez dituela onartu zuen Correasek: «Taldeak orain arte bezala funtzionatuko du. Baina Aloña Mendik segurtasuna, nortasuna eta herriko kirolariekin harremanak sendotzeko aukera eskainiko digu».

 

Duatloiak 25 urte

Astelehen arratsaldeko kirol tarte nagusian, klubeko gora beherak azaldu zituzten arren, Oñatiko duatloiari buruz ere, luze eta zabal hitz egiteko aukera izan zuten. «Aurten 25 urte beteko ditu eta zirkuituko zaharrenetarikoa izanik, behar bezalako urteurrena antolatu nahian gabiltza» zioen Correasek. Probaren behin-behineko data Martxoaren 12a izango da baina azken urteetan trafikorekin izan dituzten gora-beherak ikusirik, egutegiak aldaketak jasan ditzakela onartu zuten.

 

Hasiera batean distantzia motzera (10-40-5) itzuli nahi dutela ere jakinarazi zuten eta posible ez balitz, iazko zirkuitua mantenduko dute antolatzaileek. Era berean, Larreak jakinarazi zuenez, seguraski Euskadiko Txapelketa izango da Oñatikoa eta horrek, xarma berezia eskainiko dio lasterketari. «Eskaera eginda daukagu eta nik uste, okerrik ezean lortuko dugula».

 

Beñat Arnaizen laudorioak

Azkenik, urte guzti hauetan proba honen alde lana egin duten eta bertatik pasa diren kirolari handien izenak gogoan izan zituzten. Horietako bat, Beñat Arnaiz aretxabaletarra izan da. Azken urteetan Euskal Herriak eman duen duatletarik garrantzitsuenetarikoa izan da eta duatletak, asteleheneko solasaldian parte hartu zuen: «Oñatiko Duatloia berezia da; ikusgarria. Nire iritziz, Euskal panoramako onenetarikoa zalantzarik gabe». Okerrik ezean, 2016ko ekitaldian parte hartuko duela onartu zuen eta zilarrezko ezteietan podiumean egotea «oso polita» litzatekela adierazi zuen.

 

Irratsaioa osorik entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:

 

Triatloi taldeko ordezkariak duela urte batzuetako prentsaurreko batean.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.