Txirrindularitza

Txirrindularitza
2015-10-08 12:11:47
LIZARRALDE, ALONSO ETA ELIZBURU ORDIZIAN IZAN ZIREN IGANDEAN
Oñatiarrak ere presente, Marino Lejarretaren omenaldian

Txapel Gorri elkartearen ekimenez, Marino Lejarreta txirrindulari ohia omentzeko proba berezia antolatu zuten igandean Ordizian. Txirrindulari profesional ugari bildu ziren Berriztarraren oroimenezkoan, eta Oñatiarrak ere presente izan ziren ziklismoaren festa handi honetan. Enrique Alonso, Joxemi Elizburu -jaiotzez Aretxabaletarra- eta Mikel Lizarraldek lasterketan parte hartzeko gonbita jaso zuten eta azken honek gainera, eguneko protagonistaren taldean aritzeko ohorea izan zuen. Ordizian bizi izandakoa azaltzen egon zen atzo, Oñati Irratian.

 

Txirrindulari eta kirol hau maite dutenen gozamenerako eguna izan zen igandekoa. Uste baino makurrago esnatu zen eguna eguraldi kontuetan. Baina euria, ez zen festa zapuzteko gauza izan. «Aspaldian bizikletan busti gabe nengoen baina merezi izan zuen» zioen atzo Lizarraldek. Azken lau hamarkadetan txirrindularitza profesionalean aritutako 150 lagun bildu ziren Ordizian. Batzuk sasoiko itxura zuten baina gehienek, bizikleta aspaldi utzita, urte askoren ondoren jantzi zuten maillota berriz ere. «Urte batzuk neramatzan bizikleta ikutu gabe eta egia esan pixka bat sufritzea tokatu zitzaidan» onartu zuen irrifartsu oñatiarrak. Probari dagokionean, bosna laguneko 30 taldetan banatuta aritu ziren, erlojuaren kontra, Ordizian hasi eta bukatzen zen 33 kilometroko ibilbidean.

 

Uda aurretik jaso zuen antolakuntzaren deia Mikelek. «Hasiera batean bazkarira eta omenaldira joango nintzela baieztatu nien antolatzaileei, baina Marinok bere taldean arituko nintzela esan zidanean ilusioa egin zidan». 80ko hamarkadan Orbea taldean osatu zuen profesional mailako bere denboraldi bakarra txantxikuarrak. «Egia esan urte asko pasa dira, baina igandean orduko hainbat oroitzapen bueltatu zitzaizkidan».

 

Lejarreta ere Oñati Irratian

Elkarrizketan zehar, igandeko egunaren errepasoa egiten ari zirela, Marino Lejarretak ere solasaldian parte hartzeko aukera izan zuen. Mikel eta Marino lagun minak dirak eta Lizarralde emozionatu egin zen Berriztarraren ustekabeko sarrerarekin. «Egia esan egun oso polita izan zen. Jaiotzez bizkaitarra naizen arren, denok dakite Gipuzkoarekin harreman oso estua izan dudala beti» zioen Lejarretak.

 

Euskal ziklismoa eta etorkizuna

Elkarrizketan zehar Euskal txirrindularitzaren eta herrikoaren etorkizunaz mintzatu ziren bi protagonistak. Lejarretak, ziklista onak ikusten ditu eta taldeak sortzerakoan arazoak dauden arren, Mikel Landak osatu duen sasoi ikusgarria goraipatu nahi izan zuen. Lizarraldek ordea herriko ziklismoa goraipatu nahi izan zuen: «Azken hamarkadetan beti izan dugu herriko ordezkariren bat profesionaletan baina etorkizuna ez da erraza izango. Markel Irizar azkenetan dago eta gazte mailan Umerez eta Murgiondo bezalako ziklistak maila bikaina eman duten arren, eliterako urratsa oso garesti dago» zioen.

 

Elkarrizketan guztia entzuteko sakatu beheko podcastean:

 

 

Azken finean, merezi zuen omenaldia eskaini ziotela igandean, Lejarretari. Eta hor izen handi askoren artean (Chiapuchi, Parra, Lelli, Olano, Beloki...), profesionaletara iritsi ziren Oñatiarrak ere presente egin nahi izan zuten. Enrique Alonso, Joxemi Elizburu eta Mikel Lizarraldek, gazte garaiko momentuak gogora ekarri zituzten Ordiziako omenaldi hunkigarriarekin.

Lizarralde, Lejarretaren taldetik tiraka. Argazkiak: Goierriko Hitza.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.