Txirrindularitza

Txirrindularitza
2015-10-01 18:45:36
IÑIGO MUGARZA ETA JON MURILLO OÑATIARREN UDAKO ABENTURA
Santiagotik Habanara. Kuba bizikletaz

Karibe aldean bada toki bat bizikletaz gozatzeko ezin aproposagoa; Kuba. Ibilbide gehiena laua da, eguraldia ona egiten du, hizkuntza eta izaeragatik bertakoak gertutik ezagutzeko aukera ematen du, bidaia segurua, kotxe gutxi errepideetan... hori da hain zuzen ere, uda partean Iñigo Mugarza eta Jon Murillo oñatiarrek, bertan bizi izan zutena. Bidaia eta abenturaz luze eta zabal mintzatu dira gaur eguerdian, Oñati Irratian eskaini duten elkarrizketa batean.

 

Iazko udan sortu zitzaien Iñigo Mugarza eta Jon Murillo oñatiarrei, Kuba bizikletaz zeharkatzeko ideia. Hala ere, aurtengo abuztura arte ezin izan dute bidaia gauzatu. «Askotan gertatzen den bezala, parranda baten ostean hartu genuen erabakia. Eta egia esan merezi izan du» zioen Murillok. Hegaldiak hartu eta beste guztia egunetik egunera antolatu zutela ere gaineratu du. «Alde horretatik oso bidaia erosoa izan da. Lehen egunak gogorrak dira Santiagora iritsi arte ordu asko egin behar direlako hegazkinean aurrena eta autobusean ondoren. Baina hortik aurrerakoak, oso erraz antolatu ditugu: lo lekuak, otorduak...».

 

Bidaiako lehen geltokia Panama izan zen. Hegaldia bertatik pasatzen baitzen. Bertatik Habanara jo zuten eta azkenik, Habana eta Santiago arteko 1000 kilometroak, autobusez osatu zituzten. «Azken bidaia honetan ia 15 ordu eman genituen errepidean. Pentsa lehen egunean nola geunden» esan du Mugarzak.

 

1000 kilometro; 11 etapa

Hiru asteko bidaiak askorako eman zuen. Santiagotik Habanarako bidea 11 etapetan osatu zuten eta gainontzeko egunak, inguruak bisitatzen eta bestelako jarduerak burutzen osatu zituzten. Mugarza eta Murillok, bidean zehar bizi izandako pasarte bitxiak ere azaldu dituzte gaurko elkarrizketan: «Beroa eta hezetasuna izugarria zen eta momentu askotan desertuan geundela uste genuen. Era berean aipatzekoa da ibilbide guztian zehar zulatze bakar bat ere ez genuen izan» zioten.

 

Bizikletak saldu beharra

Habanara iritsi ostean, bizikleta bertan uzteko asmoa zuten bi txantxikuarrek, baina azken orduan, planak aldatu beharrean aurkitu ziren. «Etxean genituen bizikleta zahar batzukin joan ginen. Garbi geneukan joaneko bidaia soilik egingo zutela. Gure asmoa beharra zuten zonalderen batean uztea zen baina azkenean saldu egin genituen. Habanako bizilagun batek saltzeko esan zigun, bestela, emandako lekuan salduko zutela uste baitzuen».

 

Kubako bidaiatik itzuli zirela aste batzuk pasa diren arren, oraindik oso markatuta dute bi abenturazaleek Karibe aldean bizi izandako esperientzia. Oporrak, kirolari loturiko jarduera ezberdinetara bideratzeko ohitura hartu dute azken urteetan Mugarza eta Murillo txantxikuarrek. Etorkizunera begira gainera, oraindik ezer garbirik ez duten arren, era honetako bidaiak egiten jarraitzeko gogoa dutela jakinaraziz amaitu dute solasaldia.

 

Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:

 

Mugarza eta Murillo Kuban, bizikletak atzean dituztela.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.