Txirrindularitza

Txirrindularitza
2015-07-03 12:56:52
BERE KIROL IBILBIDEKO LAUGARREN TOURRA HASIKO DU BIHAR
Markel Irizar: «Tour ikusgarria izan daiteke, lehia oso irekia izango da»

Atzerako kontaketa martxan da. Frantziako Tourraren 102. edizioa abiatzeko egun bakarra falta den honetan, txirrindulari eta zaleak egutegiko hitzordu nagusiari begira jarrita daude dagoeneko. Baita, Markel Irizar oñatiarra ere. Trek taldeko ziklistak, bere kirol ibilbideko laugarren Tourra abiatuko du bihar Utrechten (Holanda). Atzo goizean, azken prestaketa lanak egiten ari zen bitartean, Oñati Irratiko lagunekin hitz egiteko parada hartu zuen.

 

Atzo aurkeztu zuten 2015eko Tourra. Frantziako errondaren 102. ekitaldia izango da eta lasterketa, bihar hasiko da Utrechten (Holanda) eta hilaren 26an amaituko da, Parisen. 21 etapatan banatutako ibilbideak 3.344 kilometro izango ditu. 14 kilometroko banakako erlojupekoa izango da atarikoa eta ondoren, honako ibilbideari aurre egin beharko diote txirrindulariek: bederatzi etapa lau, erdi mendiko hiru etapa, taldeko erlojupeko bat eta goi mendiko zazpi etapa, horien artean, bost etapek helmuga gailurrean izango dutelarik.

 

Hori horrela, Markel Irizarrek aurtengo ekitaldirako dituen asmoetaz hitz egin zuen atzo Oñati Irratian: «Gogotsu nago. Sasoi puntu onean iristen naiz eta nik uste lan polita egin dezakegula aurtengo Tourrean. Sailkapen nagusia lehiatzeko aukerak oso txikiak dira, baina beste helburu batzuk izango ditugu» zioen Irizarrek. Atariko erlojupekoa adibidez begiz jota dutela onartu zuen Trek taldeko txirrindulariak.

 

Markelen betebeharra taldeburuentzako lana egitea izango bada ere, ihesaldiren batean bere burua erakusteko aukera izan dezakeela adierazi zuen atzokoan: «Garbi daukat nire lana zein den eta zertarako etorri naizen Tourrera, baina aukeraren bat badago, saiatuko naiz» zioen.

 

Uztailaren 14ko etapa gorriz markatuta duela onartzeaz gain, entrenamenduetan garaipenak ospatzen ere aritu dela esan zuen: «Entrenamenduren batean besoak altxatu eta garaipena lortzeko keinua entrenatu dut. Burutik jota nagoela esango dute askok, baina ilusioa ez da inoiz galdu behar. Badakit ze zaila den hori lortzea eta egunen batean iristen bada prest egon nahiko nuke» adierazi zuen irrifartsu.

 

Lehia irekia

Adituen esanetan, aurtengoa, azken urteetako Tourrik irekiena izango da. Mailot horia eskuratzeko hautagaitza oso zabala baita: Vicenzo Nibali italiarra, Chris Froome britainiarra, Alberto Contador espainiarra eta Nairo Quintana kolonbiarra dira garaipena eskuratzeko faborito nagusiak.

 

Hori horrela, Irizarrek Tour oso polita aurreikusten du: «Beste urte batzuetan baino hautagai gehiago daude eta guztiek dute azken garaipena lortzeko maila. Era berean, lau lider hauen taldeen sendotasuna azpimarratu nahiko nuke eta honek, ikuskizuna eskaini diezaioke lehiari. Lasterketa erabat kontrolatuta mantentzea oso zaila izango baita» aurreikusten zuen Irizarrek.

 

Eskerrak zaleei

Elkarrizketa amaieran, etxeko zaleei eskerrak eman nahi izan zizkien Irizarrek: «Aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkiet Oñatitik eta inguruetatik Frantzia aldera hurbiltzen diren zaletu guztiei. Urtero joaten dira beraien bultzada ematera eta egia esan, asko estimatzen dira animo horiek» zioen oñatiarrak.

 

Atzoko elkarrizketa guztia entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:

 

Irizar Tourrera begira dago, jada.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.