Futbola

Futbola
2015-05-22 10:53:29
UNAI URIBETXEBARRIAK AGUR ESANGO DIO FUTBOLARI
Futbol zelaietatik, okindegira

Unai Uribetxebarria (Oñati, 1993) bere kirol ibilbideko azken egunak bizitzen ari da aste honetan. Bai behintzat, Aloña Mendiko futbolari gisa. 21 urte soilik dituen arren, ikasketek eta batez ere, etxean duten okindegiako lan kargak eraginda, futbola utziko baitu. Hori horrela, igande honetan bertan agurtuko da Uribetxebarria, Touring taldearen aurkako ligako azken partiduan.

 

Igande honetan amaituko da Ohorezko Erregional mailako futbol denboraldia. Aloña Mendik lanak eginda ditu dagoeneko eta inongo presiorik gabe agurtuko du ikasturtea, Touring taldearen aurkako partiduan. Azkoagainen jokatuko da lehia igande arratsaldean (16:30) eta urteroko legez, denboraldiko azken partidua izanik, agurreko partida izango da jokalari batzuentzat. Eta horien artean, Unai Uribetxebarria aurkitzen da.

 

3 denboraldi soilik egin ditu lehen taldean Uribetxebarriak eta oso gaztea izanagaitik (21 urte), futbola uzteko erabakia hartua duela adierazi zuen atzo Oñati Irratian. «Pena handia ematen dit baina futbola utzi egingo dut. Etxeko okindegia zabaldu genuenetik asteburuetan oso lanpetuta ibiltzen gara eta oso zaila egiten zait lana, ikasketak eta futbola uztartzea».

 

Okindegiko lana

Azken urteetan, ikasketak eta futbolaz gain, Okindegiko lana gehitu dio Uribetxebarriak bere egunerokoari. «Duela hiru urte eta erdi negozio berri baten aldeko apustua egitea erabaki genuen familian. Okindegi bat zabaldu genuen etxe ondoan geneukan ukuilu batean eta orduz geroztik, ostiraletik iganderako egunak, oso nekosoak izan dira».

 

Asteburuetarako baserriko ogia egiten dute etxean eta ostiral iluntzetan lan saioak amaitu ahalaz bat, ogia egitera joan behar izaten du goizeko 6ak arte Uribetxeberriak. Lanak, futbola uzteko erabakian eragin zuzena izan duela onartu zuen atzokoan: «Larunbat arratsaldetan jokatzen genuenean esaterako, lo oso gutxi egin behar izaten nuen bazkaldu eta partidara joan ahal izateko. Eta askotan gurasoek edo anaiak ordu extrak sartu izan behar dituzte nik libratzeko».

 

Erabakia irmoa dela onartuta, igandeko partida jokatzeko gogoz dagoela onartu zuen. «Entrenatzaileak hasieratik jokatuko dudala esan dit astean eta oso gogotsu nago. Polita litzateke garaipen batekin eta gol batekin nire ibilbidea agurtzea» zioen Aloña Mendiko jokalari txikiak.

 

Eibar eta Aloña

Oso gaztea izanagaitik, 9 denboraldi egin ditu futbolean Uribetxebarriak. Gehienak Aloña Mendin baina, bi urte eta erdiz Eibarren jokatu zuen oñatiarrak. «Oso esperientzia polita izan zen. Asko ikasi nuen Eibarren eta beste klub bat ezagutzeko aukera oso aberasgarria izan zen». 

 

Elkarrizketan zehar, denboraldiari eta bere kirol ibilbideari buruzko errepasoa egin zuten. Tartean Uribetxeberriaren zaletasunak edo bitxikeriaren bat edo beste ere, kontatu zituen ezker hegaleko jokalariak.

 

Hizketaldi guztia entzun nahi izatera sakatu beheko podcastean:

 

Uribetxebarria, Aloña Mendiko elastikoaz. Argazkia: Goiena.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.