Besteak

Besteak
2015-04-24 10:59:13
ASTEBURUAN ATE IREKIAK EGONGO DIRA
Bihartik aurrera erabilgarri egongo da Zubikoako tenis pista eraberritua

Bihar goizean estreinatuko da ofizialki Zubikoa kiroldegiko estalitako tenis pista eraberritua. Eskola kiroleko gaztetxoen jardunaldi bat egingo dute. Lehen hezkuntzako hirugarren, laugarren, bostgarren eta seigarren mailetako ikasleak izango dira pista erabiliko duten lehen jokalariak. Asteburuan ate irekiak egingo dira instalazio berria doan probatu ahal izateko (aurrez erreserba egitea komeni da) eta astelehenetik aurrera, dagokion tasa ordainduta, erabilgarri egongo da edozein erabiltzailerentzat.

 

Itxura moderno era eraberritua izango du aurrerantzean Zubikoa kiroldegiko tenis pista nagusiak. Uhin formako estalkiarekin batera, zorua ere berritu dute, eta horixe izan da, hain justu, berritze lanak nahi baino gehiago luzatzearen arrazoi nagusia; zoru sintetikoak daramatzan 9 kapak emateko tenperatura baldintza jakin batzuk behar dira, eta neguko eguraldiak ez du batere lagundu.

 

Argiak ere berritu dituzte. LED erako fokuak jarri dituzte, argi egokiagoa, uniformeagoa ematen dutenak eta gainera, kontsumo eta mantenimendu gastu baxuagoak dituztenak. Kiroldegiko terrazan egin diren iragazgaitze edo inpermeabilizazio lanak barne, guztira, 300 mila euro inguruko inbertsioa egin du Udalak. Proviser Ibérica S.L. enpresak egin ditu lanak. Estalkiaren egurrezko egitura berriz, Oñatiko Lana Koop. elk.-ak egin du.

 

Erabilera eta tarifak

Ikasturte berria hasi arte, hau da, irailerarte, orain arteko erabilera berdina izango du instalazioak. Erreserbak kiroldegian egin beharko dira eta dagokion tasa ordainduta, edozein pertsonak erabili ahal izango du. Prezioei dagokienean, 21 urtetik beherakoek 4,05€ eta hortik gorakoek 6,10€ ordaindu beharko dituzte orduko. Argia erabiltzen den kasuetan, aurrez aipaturiko tarifei 2,35€-ko gehigarria txertatu beharko zaio.

 

Udaberriko Txapelketa

Bestalde, Aloña Mendiko tenis sailak urtero antolatzen duen Udaberriko Txapelketako izen ematea datorren astean zabalduko dela jakinarazi digute saileko arduradunek. Kiroldegian bertan eman beharko da izena. 12€tan Zubikoa eta bailarako kiroldegietako bazkideentzat, eta 14€ gainontzekoentzat. Izena emateko azken eguna maiatzaren 4a izango da.

 

Beste urteekin alderatuta, eguraldia ez da arazo izango partidak aurrera atera ahal izateko eta antolatzaileek diotenez bi pistak erabiliko dituzte txapelketa azkarragoa izan dadin. Hori horrela, izena ematen duten bikoteen arabera betiere, baina, maiatzaren 16an hasi eta ekaina bitartean luzatuko da aurtengo edizioa.

 

Bihartik aurrera erabilgarri egongo da tenis pista eraberritua.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.