Mendia

Mendia
2015-04-23 09:58:30
GOIZEKO 9:00 HASIKO DA LASTERKETA FORUEN ENPARANTZAN
89 oñatiar izango dira igandean, Aloñako Igoerako irteera lerroan

Aloñako Igoerak bere XI. edizioa beteko du igande honetan. Iazko urteurren borobilaren ondoren, proba desagertu egingo zenaren zurrumurrua zabaldu zen herrian, baina zorionez, antolakuntza talde eraberritu batekin, aurrera jarraituko du mendi lasterketa entzutetsuak. Hori horrela, korrikalari eta bolondresen erabateko babesarekin ekingo dio asteburuan igoeraren aro berriak.

 

Orain arte egin den lan bikainari jarraipena eman nahian, hartu zuen testigua iaz Aloñako Igoerako antolakuntza talde berriak. «Sekulako lana egin dute hamar urte hauetan ibili direnek, eta ezin genuen lasterketa hiltzen utzi» zioen atzo Iker Laskurain antolatzaileetako batek Oñati Irratian. Iaz egindako zirkuitu berriarekin jarraituko du lasterketak eta eraldaketa, orokorrean, korrikalarien gustokoa izan dela onartu zuen Laskurainek: «Sekulako erantzuna izan dugu korrikalari eta laguntzaileen aldetik. Dorsalak aspaldi agortu ziren eta bidegurutzeak estaltzeko laguntza eskaera egin genuenean ere, jende ugari eskaini zaigu esku bat botatzera». 

 

Probak iazko ibilbide berbera izango du. Goizeko 9etan emango zaio irteera Foruen Enparantzatik eta 22,6 kilometro luzeera eta 2020 metroko gorabehera metatua igaro ostean iritsiko dira korrikalariak plazan kokaturiko helmuga puntura.

 

Korrikalari esanguratsuenei buruz galdetuta, Laskurainek hainbat izen eman zituen atzoko elkarrizketan: Walter Becerra, Iker Oliveri, Iñigo Alzola, Mikel Navarro...gizonezkoetan eta Alicia Olazabal, Izaskun Zubizarreta, Ainhoa Lendinez...emakumezkoetan izango dira gertutik jarraitu beharreko izen propioak. Era berean, Molinero edo Alonso bezalako etxeko korrikalarien maila altua ere nabarmendu nahi izan zuen antolatzaileak.

 

89 Oñatiar irteeran

Igandeko lasterketan lehian izango diren 300 lasterkarietatik 89 oñatiarrak izango dira -ia %30-. Emakumezkoen presentzia ere, nabarmen igo da. Irteera puntuan izango diren 25 emakumezkoetatik 9 txantxikuarrak izango dira. «Ikusgarria izan da hamaika urte hauetan nola hazi den herritarren kopurua etxeko lasterketan» zioen Laskurainek atzoko elkarrizketan.

 

Egun hauetan azken detaileak itxi eta lasterketa ikusteko puntu interesgarrien gainean hitzegin zuen atzo, besteak beste Iker Laskurainek. Elkarrizketa osoa beheko podcastean entzun dezakezue:

 

 

Probari buruzko informazio gehiago [hemen].

Korrikalari pare bat iazko lasterketako momentu batean. Argazkia: X. Rezabal.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.