Garaipen bikaina lortu zuen larunbat arratsaldean Natra Oñati Aloña Mendik. Bigarren itzuliko lehen partiduan, Ibaizabal talde bizkaitarra izan zuten arerio Gorka Judezen mutilek eta lehia bikain bat jolastu ostean, 79-56 emaitzaz nagusitu ziren oñatiarrak. Garaipen honi esker, bigarren postua pare bat garaipenetara utzi dute txokolateroek.
Bigarren itzuli hasiera konplexua izan zuen larunbatean Aloña Mendik. Gorka Judezen mutilek bigarren sailkatua zen Ibaizabal hartu zuten Zubikoan eta lehen itzulian ikusitakoaren arabera, garaipena lortzea oso konplexua izango zela aurreikusten zen. Izan ere, bizkaitarrek 13 jardunaldi jokatu ostean 12 garaipen eta porrot bakarrarekin etorri ziren Oñatira.
Lehen bi laurdenak oso parekatuak izan ziren. Hasierako minutuetan, kanpokoak ondo sartu ziren partiduan eta egia esan, etxekoei asko kosta zitzaien bizkaitarren zonakako defentsa erasotzea. Hala ere, minutuak aurrera egin ahala defentsa sendotuz, erasoan ere aukera hobeak baliatu zituen Judezen taldeak. Hori horrela, arauzko lehen hogei minutuen amaierara hiru puntuko abantailaz iritsi ziren etxekoak 32-29.
Atsedenalditik bueltan, bizkaitarrak banakako defentsan jarri ziren. Natra Oñatiko mutilek pazientzia handiz eta jaurtiketa onenak bilatuz, oso ondo erasotu zuten aurkarien saskia. Barruko jokalarien nagusitasuna handia izan zen. Erasoan zein defentsan, nagusitu ziren Aloña Mendiko pibotak. Hala ere, errotazioan talde guztiak egindako lana goraipatzekoa izan zen. Kanpoko jokalariek ere maila bikaina eman baitzuten. Azken minutuak gozamenerako izan ziren, abantaila handia kudeatu baitzuten Judezen mutilek. Azkenean, 76-59 eta gora begira hasten du bigarren itzulia talde gorritxoak.
Bigarren itzuli osoa aurretik dagoenean, Aloña Mendi laugarren postuan dago sailkapenean, igoera postuetatik bi garaipenetara. Asteburu honetan Paules Skoda taldeari bisita egingo dio Natra Oñatik.