Eskubaloia

Eskubaloia
2014-10-17 11:16:34
MIKEL MADINA JOKALARIA OÑATI IRRATIAN IZAN ZEN ASTEAZKENEAN
Iaz egindako lana berretsi edo hobetzeko ilusioarekin jarraitzen du Izarraitz Aloña Mendik

Aloña Mendiko eskubaloi saileko gizonezkoen talde nagusiak, garaipen eder batekin hasi zuen denboraldia pasaden asteburuan. Urte zail batzuk igaro ostean, iaz ilusioa berreskuratu zuen taldeak eta Euskal ligarako igoera fasea jokatzeko aukera ere izan zuen. Rafa Zuluetaren mutilek, ez zuten ametsa gauzatzerik izan, baina bizi izandako esperientziak taldea sendotu eta ilusioz jantzi du etorkizun hurbilera begira.

 

Aurredenboraldi gogor baten ostean, pasaden larunbatean egin zuen debuta Izarraitz Aloña Mendik aurtengo denboraldian. Iaz bezalaxe, lehen lurralde txapelketan arituko da Rafa Zuluetaren taldea eta debuta, ezin hobea izan zen. Etxeko zaleen aurrean jokaturiko norgehiagokan, Egia taldea 39-18 mendean hartu baitzuten. Denboraldi berri honetarako taldeak izango dituen helburuak ezagutu nahian, asteazken eguerdian Mikel Madina jokalariak, Oñati Irratian hitz egin zuen.

 

Iazko lana berretsi

Mikel Madinaren esanetan, larunbatean «nahiko erraz» irabazi zuten Egiaren aurkako partidua. Hala ere, denboraldian zehar guztiz bestelako partidak aurreikusten dituela onartu zuen. «Iruditzen zait aurten, liga berdinduago bat izango dela eta ez dut uste partiduak horren erraz irabaziko ditugunik».

 

Iaz Izarraitz Aloñak, denboraldi erregularrean jokatu zituen 22 partidetatik, 15 irabazi, 2 berdindu eta 5 baino ez zituen galdu. Horren harira, aurten zenbaki horietan mugitzeko aukera egongo den galdetu ziotenean, garbia izan zen Madina. «Oso zaila izango da iazko zenbaki horietan ibiltzea, baina guk partiduz partidu joan nahi dugu eta posible bada berdindu eta hobetu ere egin nahi ditugu, betiere hankak lurrean izanda».

 

Fitxaketa garrantzitsuak gabonetan

Plantillari dagokionez, iazko bloke berbera mantentzen du Zuluetak. Aldaketa pare bat egongo dira. Iñaki Zabarte gazte mailatik lehen taldera pasa da eta urte batzuk eskubaloia utzita egon den Ander Mantxolak ere, taldera itzultzeko erabaki hartu zuen. Dena den, zoritxarrez, azken honek seguraski aurten ezin izango du gehiago jokatu. Belauneko lotailua hautsi baitzuen aurredenboraldiko partidu batean.

 

Bestelakoan, urte berrirako (gabonetarako) bi fitxaketa garrantzitsu egingo ditu taldeak. Gaur egun ikasketak tarteko, kanpoan dauden Kepa Zelaia eta Jon Irizar taldera bueltatuko baitira. Azken honen kasua gainera, deigarria da. Izan ere, azken denboraldian estatuko bigarren mailan jokatzeko aukera izan baitzuen, Errenteriako Ereintza taldearekin.

 

Asteburuari begira jarrita, Izarraitz Aloñak Tolosa taldeari bisita egingo dio igande goizean. Bestelakoan, Madinak zaletuei gogorarazi nahi izan zien taldeak normalean, larunbat arratsaldetan (17:30 aldera) jokatzen duela Zubikoan. Gol asko sartzen dituen taldea izanik bere ustetan ikusteko «partidu politak» izaten dira.

 

Hemen daukazue Mikel Madinarekin egindako elkarrizketa osoa entzungai:

Mikel Madina iazko denboraldiko partida batean.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.