Txirrindularitza

Txirrindularitza
2014-10-15 10:52:38
Oñati Irratian luze eta zabal hitzegin zuen Astelehen arratsaldean
Jon Odriozola: "Dena eginda zegoen, oso gogorra izan da berriz ere bidean geratzea"

Jon Odriozola (Oñati, 1970) Gipuzkoa Oreki taldeko kirol zuzendaria, albiste izan da azken egunetan. Iaz Ner Groupen babesean sortzera zihoan txirrindulari proiektua azken orduan zapuztu egin zen eta aurten, Eusko Jaurlaritzaren babesaz landu duen proiektu mamitsuak ere, zoritxarrez, ez du argirik ikusiko. Guzti horren inguruan mintzatu zen astelehen arratsaldean, Oñati Irratian.

 

Azken hiru urteak ederrak bezain gogorrak izan dira Jon Odriozola oñatiarrarentzat. Amateur mailako taldearekin asko ikasi du, baina batez ere profesional mailako euskal proiektua sortzeko egin duen ahaleginekin, asko hazi dela adierazi zuen Oñati Irratiko kirol tarte nagusian.

 

Ordubeteko elkarrizketa bi ataletan banatu zen. Lehen zatian, Gipuzkoa Oreki taldearekin egindako denboraldiaz hitzegin zuen. «Hamarrekoa eta matrikula ematen diet taldekide guztiei. Txirrindulari euskaldunekin lortu duguna, ia ezinezkoa da. Hemendik kanpo, egin dugun lana asko baloratu dute baina hemen zoritxarrez, ez du behar besteko oihartzunik izan».

 

Era berean, tristura puntu bat ere somatzen duela adierazi zuen. «Nire txirrindulariek amateur mailako onenak direla erakutsi baitute errepidean eta Euskal estruktura profesionalik gabe, asko eta askok bizikleta utzi beharko dute. Hori oso gogorra da».

 

Euskaldun guztion proiektua

Elkarrizketaren bigarren zatian, bertan behera gelditu berri den Euskal proiektu profesionalaz mintzatu ziren. Proiektua egina zegoela ikusirik, azken orduan berriz ere jauzi izanak, amorrua sorrarazten diola onartu zuen.

 

Eskuartean izan duen proiektua, Euskaldun guztion proiektua zela, garbi utzi nahi izan zuen Jonek. «Hau ez da Jon Odriozolaren proiektu bat izan. Finantziaketa pribatua eta kudeaketa publikoa duen proiektua izango litzateke eta nire ustez, hori zen hau errealitate egiteko bide bakarra».

 

Urte hauetan ikasi dituenen artean, elkarlanaren balioa azpimarratu nahi izan zuen. «Gauzak aldatzeko euskaldunok indarrak gehiago batu behar ditugula ikusi dut eta bakoitzak bere kontuak albo batera utzi ezean, ez dugu inoiz ezer lortuko». Eta Odriozolaren aburuz, hori izan da oraingo honetan ere proiektua zapuzteko arrazoi bakarra. «Inbidia handia dago txirrindularitzan eta horietako bat erdian sartzea nahikoa da dena apurtzeko».

 

Orain, talde kontinentala helburu

Azken bi urteetako kolpeak handiak izan dira baina Odriozolak ez du amore eman nahi. Aurten bertan kontinetal mailako taldea ateratzeko gogor lanean jarraituko duela adierazi zuen. «Agian ezingo dugu aurrerapausoa eman, baina pauso txiki bat atzera eginez, baliteke etorkizunean emango dugun aurrerapausoa sendoagoa izatea».

 

2015 urterako ate txiki bat irekita utzi nahi duela, alegia. Oñatiarrak ez du lortu goi mailako Euskal proiektu sendoa martxan jartzerik, baina Oñati Irratian egindako elkarrizketa luze horretatik konklusio garbi bat atera daiteke. Odriozolak ez duela oraindik azken hitza esan. Gertutik jarraitu beharko dugu bere lana datozen asteetan.

 

Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:

 

Jon Odriozolak lanean jarraituko duela esan zuen.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.