Igeriketa

Igeriketa
2014-09-01 10:11:05
Egindako akats txikiek erabat baldintzatu zuten oñatiarraren parte-hartzea
Zapore gazi-gozoarekin itzuli da Nerea Diaz Espainiako txapelketatik

Oporrak amaituta, uda sasoian lanean aritu diren herriko kirolarien kronika ezberdinak eginez, hasiko dugu iraileko lehen astea. Hasteko, Aloña Mendiko igeriketa saileko Nerea Diaz igerilariak infantil mailako Espainiako txapelketan egindako lana errepasatuko dugu.

 

Uztailaren 24tik 27 bitartean, Espainiako infantil mailako igeriketa txapelketak jokatu ziren Bartzelonan. Bigarren urtez jarraian, Nerea Diaz oñatiarrak Aloña Mendi taldea ordezkatu zuen prestigio handiko txapelketa honetan. Esperientzia aberasgarria izan den arren, zapore gazi-gozoarekin itzuli zen etxera igerilari oñatiarra.

 

Sasoi puntu bikainean iritsi bazen ere, probatan egindako akats txikiek, erabat baldintzatu zituen txantxikuarraren marka guztiak. Era berean 50 metroko igerilekuan aritzeak ere, eragin zuzena izan zuen. Diazek berak aitortu digunez, hainbat probatan irteera edo birajeetan “akatsak” egin zituen eta proba motzetan, horrek "markatuta uzten zaitu". Hala ere, formakuntza garaian dagoen igerilaria izanik, goi mailako txapelketa batean berriz ere egon izanak, asko lagunduko diola esan digu Xabier Infante entrenatzaileak.

 

Prestatzailearen hitzetan “erakutsitako maila baino askoz hobea du Nereak. Batez ere 100 bizkar eta 50 libreetan oso ondo ikusi nuen, eta birajeetako akatsak egin ez balitu, finalean egoteko aukera handiak izango zituen”.

 

Guztira, lau proba

Nereak lau proba ezberdinetan parte hartu zuen. Lehen egunean 100 bizkar (1:10:86) proba egin zuen. Bigarren egunean berriz, bi lehia izan zituen. 200 bizkar (2:36:08) eta 100 libre (1:05:40). Hirugarren egunean atseden hartu ondoren, txapelketako azken egunean 50 libre (29:54) probarekin eman zuen amaitutzat Espainiako txapelketako ibilbidea.

 

Proba guztietan bere marka pertsonaletatik urrun ibili bazen ere, [bere urteko marka onenak hemen], bai Nerea eta baita Artza ere, gustora itzuli ziren Bartzelonan bizi izandako esperientziarekin.

 

Abuztuan igeriketa zeharkaldi batzuk egiten ibili bada ere, orokorrean atsedena hartzeko baliatu ditu azken aste hauek Nereak. Dena den, uda garaia amaitu da Aloña Mendiko igerilarientzat. Nerea eta baita bere taldekideak ere, gaur goizean bertan hasi baitira aurredenboraldiko lehen saioarekin.

Nerea Diaz, Bartzelonan ateratako erretratuan. Argazkia: Xabier Infante.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.