Igeriketa

Igeriketa
2014-07-23 11:56:13
Uztailaren 24tik 27ra Espainiako txapelketetan parte hartuko du
Nerea Diaz: "Oso momentu onean iristen naiz Espainiako txapelketara"

Bihar hasi eta igandera bitartean, infantil mailako Espainiako igeriketa txapelketak jokatuko dira Bartzelonan. Azken urteetan bezalaxe, aurten ere, Aloña Mendiko igeriketa sailak ordezkari bat izango du estatuko igerilari onenen artean. Nerea Diazek lau proba ezberdinetan parte hartuko du.

 

Denboraldi bikaina osatu du aurtengoan, Nerea Diaz igerilari gazteak. Urte hasieratik marka bikainak egin ditu eta Espainiako txapelketa, ikasturteko azken erronka izango da berarentzat. Neguan lortu zituen Espainiako txapelketetan parte hartzeko minimak eta otsailean Pontevedrara joateri uko egin ostean, gogotsu dago estatu mailako bere bigarren esperientziari aurre egiteko. Iaz egin zuen debuta Diazek Espainiako txapelketa batean. Orduko hartan, Pontevedran izan zen oñatiarra.

 

Urte hasieratik amaierara maila oso altuan aritu da. Gipuzkoa eta Euskal Herri mailan, bere kategorian dagoen igerilaririk garrantzitsuenetariko bat dela erakutsi du lorturiko marka eta dominekin. Euskal Herritik kanpora ere, proba interesgarri bat egiteko aukera izan zuen maiatzean. Tarbeseko (Frantzia) nazioarteko meeting batean ere aritu zen eta bertatik bi domina irabazita etorri zen oñatira.

 

Eboluzio izugarria

11 hilabete eskasean egundoko hobekuntza lortu du Nereak. Teknika eta birajeak ondo landuz, segundu asko jan dizkio kronoari urte batetik bestera. 100 bizkarrean adibidez, 7 segundu jaitsi ditu eta 200 metrokoan 14 segundu. Hori mundu bat da igeriketan. Hobekuntza horren sekretua non dagoen galdetuta, entrenamenduetan egon dela onartu zuen atzo Diazek: "Ordu eta metro asko entrenatu ditugu eta teknika eta birajeak adibidez, mimo handiz landu ditut. Hauek hobetuta, asko irabazten da".

 

Gaur goizean bertan abiatu da Xabier Infante entrenatzailearekin Bartzelonara eta bidaian murgildu aurretik atzo eguerdian Oñati Irratitik pasa zen 14 urteko igerilaria. Datozen egunotan lau probatan parte hartuko du Nereak eta bereziki bizkar erakoak maite dituela adierazi zuen: "Bizkarra da nire estilorik onena eta nik uste horietan emango dudala mailarik onena".

 

100-200 bizkar eta 50-100 libreetan parte hartuko du Nereak Bartzelonan. Distantantzia hauetan denboraldian egindako markarik onenak hauek izan dira. 100 bizkar (1.07.23), 200 bizkar (2.26.80), 50 libre (28.90) eta 100 libre (1.02.67). Dominaren bat lortzea oso zaila izango den arren, bere marka pertsonalak mantendu edo hobetzea izango da helburu nagusiena: "Kontutan hartu beharra dago 50 metroko igerilekuan egingo direla txapelketak eta Nerea ez dago ohituta horrelako distantzian igeri egitera" zioen Artzak atzoko elkarrizketan. 

 

Hala ere, entrenatzailearen ustetan, denboraldiko momenturik onenean dago Diaz eta urduritasunak kontrolatzen baditu, oso txapelketa ona egin dezakeela onartu zuen: "Nik oso ondo ikusten dut. Azken astean gainera Donostiako Fortunako taldekoekin oso gogor entrenatu da eta nire ustez 100 bizkarrean, finalean sartzeko moduan egon liteke".

 

Oñati Irratiko elkarrizketan esandakoak entzuteko, sakatu beheko podcast-a:

 

Nerea Diaz atzo, Zubikoako igerilekuan.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.