Txirrindularitza

Txirrindularitza
2014-07-21 16:13:30
39 txirrindulari bildu ziren larunbateko kriteriumean
Thimothé Ceresa frantziarra azkarrena, Kantoikrit lasterketan

Pinoi finkodun bizikleten festak, era guztietako gora-beherak utzi zituen larunbat iluntzean. Zirrara eta ikuskizuna izan ziren protagonista lasterketan zehar, baina proba hasi aurretik, urduritasunerako hainbat momentu ere bizi izan ziren. Arratsalde erdirako esaterako, euriak uste baino protagonismo handiagoa hartu zuen. Horrek, ezinegon handia sortu zuen antolatzaile eta batez ere txirrindularien artean. Era berean, berotze saioan txirrindulari batek ikusle batekin izan zuen istripua tarteko, kriteriuma 30 minutuko atzerapenaz hasi zen. Zorionez eragozpen hauek gaindituta, kirol arloari dagokionez aurtengoa ere, erabat arrakastatsua izan zen.

 

Uste baino arazo gehiagorekin topatu ziren antolatzaileak, Kantoikriten hirugarren edizio hasieran. Arratsaldean zehar egindako euriak, zorua oso labainkor utzi zuen eta horrek kezka handia sortu zuen partehartzaile guztien artean. Oñatiko zirkuituaren ezaugarriak oso bereziak dira eta zebrabideak, bihurguneak eta harbidea protagonista izanik, zirkuitua oso irristakor jarri baitzen. Zorionez baina, gaueko 21:00 alderako euria egiteari utzi eta lasterketa euririk gabe jokatuko zela zirudienean, eguneko bigarren ustekabekoa etorri zen.

 

Izena eman zuten 39 ziklistak zirkuitua erabat itxita zela, berotze lanak egiten hasi ziren. Horietako batek, mekanika arazo baten ondorioz, bizikletaren kontrola galdu eta zaleen artean zegoen pertsona bat harrapatu zuen. Honen ondorioz, anbulantziak zauritua Arrasateko ospitalera eraman behar izan zuen (zorionez, susto batean gelditu zen guztia) eta horrek, lasterketa 30 minutu atzeratzea ekarri zuen. Aipatu beharra dago osasun zerbitzurik gabe, ezinezkoa dela horrelako kirol proba bat martxan jartzea. 22:30 ingururako anbulantzia bueltan zen Oñatin eta bitarte horretan, zirkuitua asko lehortu zen.

 

Proba zirraragarria

Kirol arloari dagokionez, kriterium benetan zirraragarria ikusi ahal izan genuen. Aurreko bi urteekin alderatuta, aurten maila altuagoko txirrindulariak zeudela hasiera hasieratik antzeman zen. Hirugarren itzulirako adibidez, lasterketa buruan laukote bat jarri zen. Timothe Ceresa frantziarra, Stefan Schott alemaniarra, Jon Ander Arakama beasaindarra eta Xabier Altube oñatiarra ziren lasterketan agintzen zuten txirrindulariak.

 

Laukote horrek poliki-poliki aurrera egin zuen eta garaipena beraien artean erabakiko zela garbi gelditu zen. Hala ere, atzerago sortu ziren taldeetan ere, lehia benetan politak ikusi ziren. Zoritxarrez baina, Xabier Altube txantxikuarrak, zulatua izan zuen San Antoneko azken bihurgunean eta herriko zaleen atsekaberako, aurreko bi urteetako garaileak ezin izan zuen aurtengo edizioa amaitu.

 

Hortik aurrerakoak Arakamaren baimenarekin noski, Ceresa eta Schott-en artekoak izan ziren. Lasterketa buruan zuten abantaila areagotuz joan zen eta azken itzulirarte ez zen garaipena erabaki. Beraien artean hitz egin ostean, garaipena azken zuzengunerako utzi zuten eta hemen indartsuena, Ceresa frantziarra izan zen. Schott segundu gutxitara iritsi zen bigarren eta podiumeko hirugarren postua, Arakama gipuzkoarrarentzat izan zen.

 

Esan beharra dago Ceresa frantziarraren garaipenak meritu bikoitza izan zuela. Izan ere, lasterketan zehar erorikoa izan zuen. Min handirik hartu gabe, berotu galanta hartu zuen arren, tropel buruarekin bat egitea lortu zuen proba erdia gainditu zenerako.

 

Mugarza oñatiar onena

Podiumeko hirukoaz gain, bestelako txirrindulariek ere kriterium ederra osatu zuten. Esaterako, Iñigo Mugarzak oñatiar onenaren saria jaso zuen. Belen Pelaez Asturiarra ere, ez zen esku hutsik itzuli etxera. Kriteriumean parte hartu zuen aurreneko emakumezkoa izan zen eta proba amaitzerik izan ez zuen arren (doblatua izan zelako), antolatzaileek egindako esfortzua ere errekonozitu nahi izan zioten.

 

Askorako eman zuen beraz, larunbateko edizioak. Hazten jarraitzeko motiboak eta batez ere, herriko kirol karteldegian bere lekua hartzen hasi denaren susmoa utzi zuen Kantoikrit lasterketak. Oraindik goiz den arren, izan duen harrera eta emaitza ikusirik, Kantoikrit-en laugarren edizioa ziurtatuta dagoela esan daiteke.

2014ko Kantoikrit lasterketako podiuma. Argazkia: Goiena

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.