Aloña Mendiko saskibaloi sailak, herriko gaztetxoei zuzendutako hainbat jarduera antolatuko ditu pazko asterako. Saskibaloi eskolako neska-mutikoez gain, 2000 eta 2005 urte bitartean jaiotako herriko neska mutiko guztiei zabaldutako kanpus bat izango dela jakinarazi dute zuzendaritza saileko arduradunek.
Kirol arloan, saileko lau taldeek hamabost eguneko atsedena hartuko dute. Hala ere, saskibaloi saileko arduradunek ez dituzte egun hauek alperrik galdu nahi. Izan ere, egitarau oparoa antolatu dute jai egun hauetarako. Herriko gaztetxoek dituzten jai egunak aprobetxatuz, saskibaloi kanpusa antolatu dute apirilaren 23tik 25era. Egun horietan, saskibaloia ardatz nagusi bezala hartuz, hainbat jolas, lehiaketa, txapelketa eta lagunarteko partiduak ere jokatuko dituzte bertan izena ematen duten guztiek. Asteazkenetik ostiralera (16:00-17:30) Zubikoako kantxa urdinean egingo dituzte jarduera guztiak. Izen ematea doakoa izango da.
Astean zehar kiroldegian egingo den kanpusa borobiltzeko, larunbatean, egun guztian zehar, saskibaloia kalera aterako du zuzendaritza sailak. Iaz egin zen bezala, apirilaren 26an, saskibaloi eguna ospatuko dute herriko plazan. Bi saski jarriko dira eta bertan jolasak, 3x3 txapelketa motzak, jaurtiketa lehiaketak... egingo dira. Egitaraua osatuz, eguerdi eta arratsaldean, saiheski dastaketa ere eskainiko dute. Gaineratu, egun guztian zehar, saileko babesleek emandako hainbat opari ere banatuko direla bertaratzen diren guztien artean.
Pazko asterako antolatu diren ekintzak argitzeko, Gorka Judez, saskibaloi saileko kirol koordinatzailea, Oñati Irratiko kirol tarte nagusian izan zen atzo arratsaldean. Kanpusari buruzko xehetasunak emateaz gain, saskibaloi eskolari buruzko datu ugari ere eman zituen Judezek.
Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai: