Atletismoa

Atletismoa
2013-11-25 09:46:54
Denboraldiko laugarren garaipena da
Yeray Varela irabazle Azkoitiko herri lasterketan

Larunbat arratsaldean, Azkoitiko Herri Lasterketaren IX. edizioa ospatu zen. Datorren urtean hamarkada bat beteko duen lasterketa honetan, ia 300 partehartzaile batu ziren irteera puntuan eta guztien artean, nagusitasun handia erakutsiz, Yeray Varela oñatiarra izan zen azkarrena.

 

Korrikalari kopuru ederra elkartu zen, San Andres jaien inguruan antolatzen den lasterketa honetan. Kontutan hartu beharra dago atzo, igandea, Donostiako Maratoia jokatzeaz gain, maratoi erdia eta 10 km.-tako lasterketa ere lehiatu zirela Gipuzkoako hiriburuan, eta guzti hori gutxi balitz, Santurtzitik Bilborako lasterketak ere bere 25. edizioa bete zuen atzo goizean. Konpetentzia beraz, ez zen falta izan asteburuko kirol karteldegian.

 

Tenperatura oso baxua eta tarteka euria ere izan zuten korrikalariek lasterketan zehar. 10 km lasterketa izaki, erritmo bizian jokatu zen proba. Herriko kaleetan barrena antolatutako zirkuituan, taldetxo bat jarri zen lasterketa buru hasiera hasieratik. Hala ere, kilometroek aurrera egin ahala, Yeray Varelak bere nagusitasuna agerian utzi zuen eta bakar bakarrik iritsi zen helmugara (31:33). Azkenean, 1:17 aldea atera zion Unai Hernandez bigarren sailkatuari eta 1:18koa, hirugarren sailkatua izan zen, Enrique Ceciliari. Sailkapen ofiziala hemen.

 

Sasoi puntu bikainean dago oñatiarra eta larunbateko garaipena denboraldi honetako laugarrena da dagoeneko. Aurrez, Elgoibarren, Arrasate-Oñatin eta Lasarteko helmugetan ere, azkarrena izan baitzen.

 

Donostiako Maratoia

Asteburuko atletismo hitzordu garrantzitsua berriz, atzo goizean jokatu zen Donostian. Donostiako Maratoiak XXXVI. ekitaldia bete zuen. Espainiako txapelketa izanik, estatu mailako korrikalari onenen arteko lehia ikusi ahal izan zen. Aurten gainera, distantzia mitiko horri, maratoi erdia eta 10 kilometrotako probak ere gehitu zitzaizkion eta horrek partehartzaileen zerrenda asko aberastu zuen. Hiru lasterketen artean, 5000 lasterkaritik gora batu ziren atzokoan.

 

Carles Castillejo Kataluniarrak izugarrizko maratoia burutu zuen eta 2:12:43ko denbora ikusgarriarekin Zurich-eko txapelketa europearran lehiatzeko txartela lortu zuen. Emakumezkoetan berriz, Estela Navascues (2:32:38) izan zen azkarrena. Nafarraren kasuan ere, lasterketan lortutako markak europako txapelketan lehiatzeko aukera emango dio.

 

Oñatiarrei dagokienez, aurtengoan 13 oñatiar izan ziren irteera puntuan. Ernesto Agirre izan da azkarrena (3:14:48). Beste guztien denborak hauexek: Joxe Mendiola (3:17:40), Matias Varela (3:19:48), Arkaitz Sasiain (3:30:20), Iban Guridi (3:33:12), Trini Blazquez (3:44:27), Ander Pardo (3:46:31), Joseba Azkarate (4:05:37), German Aginagalde (4:06:42), Ander Jausoro (4:06:42), Iban Perez (4:11:58) eta Mitxel Montero (4:20:47).

 

Amaitzea lortu zuten guztiek merezi dute errekonozimendua, izan ere, eguraldi hotzak eraginda, banaka batzuk dexente sufritu eta lasterketa utzi beharrean aurkitu ziren, Ritxar Fernandezen kasua esaterako. Lasterketako sailkapen ofizialak hemen.

Varela helmuga zeharkatzen. Argazkia: Raka Maraton K.E.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.