Futbola

Futbola
2018-05-04 11:27:08
BETERANOEN TXAPELKETAKO FINALAK JOKATUKO DIRA BIHAR AZKOAGAINEN
Final bat baino zerbait gehiago

Asteburuan amaituko da Herriko Futbol Txapelketako denboraldia. Zazpi hilabeteren ostean, bihar arratsaldean ezagutuko ditugu aurtengo liga eta kopa txapeldunak. Sasquatch eta Zalaparta ariko dira nor baino nor gehiago aurrenekoan, eta kopako garaikurra, Kalañatasaray eta Txuskosen artekoak erabakiko du. Ligako finalean elkarren aurka arituko diren Mikel eta Unai Uribeetxebarria anaiekin aztertu dugu biharko hitzordu berezia.

 

Lehiakortasun handiko txapelketa izan arren, Herriko Futbol Txapelketaren ezaugarri nagusiena, adiskidetasuna dela esan daiteke. 70. hamarkadaz geroztik, etenik gabe, Oñatiko kuadrila ezberdinak elkartu dituen ekimena izan da eta alde horretatik, eredugarria izan da. Hori horrela, lagun eta ezagunak elkartzeaz gain, sarritan, senitartekoen bilgune ere izan da Beteranuen txapelketa. Biharko ligako finalak esaterako, Uribeetxebarria anaiak elkarren aurka jarriko ditu. Mikelek bere lehen liga bilatuko du Sasquatch-ekin eta Unairen kasuan, orain bi urteko balentria errepikatzen saiatuko da Zalapartarekin. 

 

Bada, final bat baino zerbait gehiago egongo da jokuan Uribeetxebarria anaietzat: «Polita izango da guretzat biharkoa» adierazi zuten asteazkenean Oñati Irratian. Bata zein bestearentzat, ligako finala jokatzen duten bigarren aldia izango da biharkoa. Mikelek 2013an jokatu eta galdu zuen Zorroberoren aurka, eta Unaiek berriz, 2016ko oroitzapen bikainak fresko gordetzen ditu oraindik. Izan ere, taldearen debuteko urtean, liga irabaztea lortu zuten.

 

Daukaten lanbideagatik dira ezagun Uribeetxebarria anaiak Oñatin. Orain urte batzuk, etxean martxan jarri zuten okindegian lana egiten dute asteburuetan eta alde horretatik, biharkoa egun berezia izango dela onartu zuten: «Ostiral gauean eta larunbat goizean normal egingo dugu lana, baina partidua irabazten duenari, asteburuaz gozatzeko baimena emateko erabakia hartu dugu» esan zuten.

 

Biharko finala aztertzeaz gain, txapelketaren eta taldeen azterketa sakon bat egin zuten anaiek, elkarrizketan zehar. Beheko podcast-ean entzun dezakezue:

 

 

Liga eta kopa jokuan

Biharko jardunaldia 13:30etan hasiko da, kontsolazioko finalarekin. Albok eta Hangolak jokatuko dute. Ondoren, 15:00etan, Kopa txapelketako finala Kalañatasaray eta Txuskosen arteko lehia interesgarriak erabakiko du. Fase erregularra bosgarren eta seigarren amaitu badute ere, biak ala biak, titulu bat baino gehiago pilatu dituzten taldeak dira. Kalañak, lau irabazi ditu azken urteetan: Kopa bat, Liga bat eta bi Superkopa. Eta Txuskosek ere, badaki kopa irabaztea zer den. Birritan heldu baita finalera (2007 eta 2012) eta biak bereganatu zituen.

 

Sasquatch eta Zalapartaren arteko final nagusia azkenik, 16:30etan hasiko da. Eguna borobiltzeko, sari banaketa egingo da. Golegile onenaren Bere saria Unai Uribetxeberriak (Zalaparta) jasoko du, eta atezain onenarena Aitor Sanchezek (Albok). Aurten 12 taldek parte hartu dute txapelketan.

Uribeetxebarria anaiek, ligako garaikurra jokuan izango dute.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.