Futbola

Futbola
2018-04-13 10:40:40
ASTEBURUAN KOPAKO FINAL LAURDENAK JOKATUKO DIRA
Liga eta kopako tituluak jokuan herriko futbol txapelketan

Fase erregularra amaituta, bihartik aurrera, liga eta kopako tituluak jokuan jarriko dira herriko futbol txapelketan. Albok, Sasquatch, Hangola eta Zalaparta izango dira txapelketa lehiatuko duten lau taldeak. Beste zortziak, kopako final laurdenetan murgilduko dira bihartik aurrera.

 

Hutsegiteak garesti ordainduko dira aurrerantzean, herriko futbol txapelketako azken fase erabakigarrian. Liga zein kopako partidu guztiak kanporaketa gisara jokatuko baitira. Irabazten dutenek aurrera egingo dute, eta galtzaileak, datorren urtera arte agurtuko dira. Honenbestez, tentsio handiko lehiak aurreikusten dira bihartik aurrera Azkoagaineko berdegunean.

 

Arratsaldeko 19:30 abiatuko dira kopako final laurdenak. Txuskos eta Etxaixat-en artekoak irekiko du kanporaketa fasea. 21:00etan Harripe eta Shatoken Moura-k bilatuko dute final erdietarako bigarren txartela, eta jardunaldiko beste bi neurketak, igande arratsaldean jokatuko dira: Auschwitz-Kili Kolo (18:30) eta Kalañatasaray-Dollygan´s (20:00).

 

Finalerdiak

Kopako final laurdenak jokatu ostean, liga eta kopako final erdiak jokatuko dira datorren jardunaldian. Okerrik ezean, lau partiduak apirilaren 21-22ko asteburuan jokatuko dira. Kopako sailkatuak asteburu honetako jardunalditik irtengo dira eta ligako finalerdiak, dagoeneko osatuta daude. 

 

Albok fase erregularreko eta iazko liga txapelketako irabazleak, Zalaparta orain bi urteko liga txapeldunaren aurka jokatuko du -aurten laugarren-. Eta beste finalerdia, Sasquatch (2.) eta Hangolak (3.) jokatuko dute. Azken talde hau izan da aurtengo sorpresa nagusietako bat. Beste hiruek ez bezala, lehen aldiz jokatuko baitu txapeldunen fase nagusian.

 

Arlo indibidualari dagokionez, goleatzaile onenen zerrendan, iaz bezala, Unai Uribetxeberria izan da jokalari onena. Zalaparta taldeko jokalariak 18 gol egin ditu hamaika jardunalditan. Atezain onenaren saria berriz, Albok taldeko Aitor Sanchezek eramango du. Fase erregular guztian bost gol soilik egin baitizkiote.

 

Finalak erabakitzeke

Behin behineko egutegiak adierazten duenez, finalak maiatzaren 5ean jokatuko dira. Baina batzordetik jakinarazi digutenez, baliteke data hori aurreratzea. «Apirilaren azken asteburuan zubia dago eta ondo aztertu beharko dugu asteburu horretan jokatu edota finalak maiatzeko lehenengora atzeratzea» diote.

 

Bestelakoan, azken urteetako joerari jarraipena emanez, lehian aritu diren 12 taldeen «konpromisoa» eskertu nahi izan dute antolatzaileek. Hala ere, horietako askok, gutxieneko jokalari kopurura iristeko «arazoak» izan dituztela ere gaineratu digute eta beste behin, txapelketaren gaur egungo formatua ezbaian zalantzan jartzen dute aipatu datuek.

Albok izan da liga erregularreko talde onena.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.