Besteak

Besteak
2018-04-06 18:29:31
ETB-KO EMANKIZUNETAKO LAGUNTZAILE TEKNIKOA DA MICHAEL JIMENEZ
Itzulia etxeetara eramateko lanean

Euskal Herriko Itzulia amaierara iristen ari den honetan, txirrindularien joan-etorria jarraitzen ari den txantxikuar batekin hitz egin du OK Magazineak Gaubeako helmuga puntuan. Michael Jimenez oñatiarra, Euskal Telebistako emankizunetako lan-taldeko kidea da eta txirrindulariak helmugara iritsi aurretik, euren lana barrutik nolakoa den ezagutzeko aukera izan dugu.

 

Telebistak berebiziko garrantzia dauka gaur egungo kirolean. Asteon jokatzen ari den Itzulian esaterako, Euskal Telebista arduratzen da irudi horiek grabatu eta munduan hedatzeaz. Lan horiek behar bezala egiteko, 20 profesionaletik gorako lan-talde bat mugitzen du egunero eta Michael Jimenez txantxikuarrak, lanbide konplexu honen barruak erakutsi dizkigu. Helmuga puntuan, muntaiako laguntzaile tekniko gisa dihardu.

 

Euskal Herriko kirol emankizun garrantzitsuenetakoa da Itzulia eta era honetako proba batek, egundoko muntaia eskatzen du. «Guretzat urteko hitzordu konplexuena da» dio Jimenezek. Futbola, pilota edota estropadak ere egiten dituzte baina World Tour mailako ziklismo proba batek «baliabide asko» eskatzen ditu.

 

Euskal Telebistak 20 laguneko lan-taldea dauka Itzulian. Kamioi handi bat, furgoneta bat, helikoptero bat, hiru motor.... 7 kamera ezberdin ditu helmugako zuzengunean eta kableatu guztia bere tokian egotea bermatu behar dute Michael eta bere lankideek: «Hiru motor eta helikoptero bat daramatzagu ziklisten atzetik eta guzti hori, helmugan dugunarekin lotu behar dugu gauden lekutik, seinalea Bilbora bidaltzeko» dio. Aurten gainera, nazioarteko seinalea ere banatzen dute Suizara eta horri esker, Itzulia «mundu osora» zabaltzen du Eurosport kateak.

 

Lanegun luzeak

Sei eguneko lasterketa batean aritzea «polita, baina gogorra» dela dio Jimenezek. «Bidaia ordu asko dira eta egunean bertan ere, ordu asko pilatzen ditugu» dio. Jimenez eta bere lan-taldearen jarduna goizean goiz hasten da. Garraio eta tresna guztiak aurreko gauean kokatzen dituzte hurrengo eguneko helmuga puntuan eta muntaketa lanak 9ak aldera hasten dituzte. «3-4 bat ordu ematen ditugu muntaia lanetan eta eguerdian, azken probak egiten dira kazetariekin. Informatiboetako sarrerak behar bezala egin ditzaten». 

 

Lasterketan zehar lana gutxitzen bada ere, helmuga inguruan ibiltzen dira uneoro edozein arazo egongo balitz, momentuan bertan konpontzeko. Eta eguneko momentu konplexuena, azken kilometroak izaten dira Jimenezen ustetan: «Une horietan pilatzen da jende gehien telebistaren bestaldean eta teknikari bakoitza bere lekuan egoten gara» dio.

 

Ziklistak helmugara iristearekin batera, emankizuna amaitu, eta berehala hasten dira guztia jasotzen: «Muntatzea baino errezagoa da baina pare bat ordu gutxienez behar izaten ditugu. Azkar batzea garrantzitsua izaten da, guk gure lana amaitu ahalaz bat, errelebo berri bateko langileak sartzen baitira material dena hurrengo eguneko helmugara errepidez eramateko».

 

Txirrindularitza «konplexuena»

Futbola, pilota edota arraunarekin alderatuta, ziklismoa telebista bidez emateko kirol konplexua dela dio txantxikuarrak. «Egunero leku ezberdin batean gaude eta giroak edota inguruneak, asko baldintzatzen gaitu. Teknikoki, txirrindularitza lasterketak guretzat lan zailenak dira» gaineratu du. Hala ere, «oso gustora» egiten ditu. Jarraitzen duzun kirol batean lana egitea «polita» baita Michaelen iritziz.

Michael Jimenez, Gaubeako helmuga puntuan.

iritziak

agenda

Plazaola Aloña - Mondrate C.D.
18.04.21
Areto Futbola
Zubikoa kiroldegia

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.