Mendia

Mendia
2018-04-06 16:05:12
ATZO AURKEZTU ZUTEN APIRILAREN 22AN JOKATUKO DEN LASTERKETA
Euskal Herriko txapelak jokuan, aurtengo Aloñako Igoeran

Aloñako Igoeraren hamalaugarren ekitaldia abiatzeko oraindik bi aste luze gelditzen badira ere, antolatzaileek prest dute guztia. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten lasterketa Turismo Bulegoan, eta bertan jakitera eman zutenez, Euskal Herriko txapelak jokuan izango da aurten gurean.

 

Konkretuki, bakarka zein taldekako txapelak egongo dira jokoan apirilaren 22an jokatuko den XIV. Aloñako Igoeran. Azken orduko arazorik ez bada, goi mailako lasterkarien bilgune izango da Oñati. Euskal Herriko mendi lasterkari garrantzitsu asko, irteera lerroan izango baitira. Eta azken urteetan bezala, dorsal guztiak agortuta -2 ordutan bete zen inskripzioa-, 342 lasterkari abiatuko dira Foruen Enparantzan kokaturiko irteera lerrotik. %89a gizonezkoak izango dira eta %11 emakumezkoak. Txantxikuarren parte-hartzeari dagokionean, iazko 80ko multzotik, 73ra jaitsi da aurten izen-ematea.

 

Faboritoen zerrenda egitea zaila bada ere, azken bi edizioak irabazi dituen Imanol Goñi iruñearra izango da gertutik jarraitu beharreko izen propioetako bat. Baina Aloñako Igoera lautan irabazi duen Walter Becerra ere, aurrean ibiliko da. Antolakuntzak baieztatu duenez gainera, Euskal Selekzioko kide den Hassan Ait Chaou ere lehen aldiz etorriko da Oñatira.

 

Emakumezkoetan, azken orduko aldaketarik ez bada behintzat, azken bi irabazleak, Maite Maiora eta Oihana Kortazar, arazo ezberdinak tarteko, ez dira irteera puntuan izango. Dena den, Euskadiko kross txapelduna (Magida Maayou) izango da aurtengo berritasunetako bat. Marokiarrarekin batera, Aitziber Ibarbia, Nerea Amilibia edo Oihana Azkorbebeitia izango dira, txapel nagusien bila abiatuko atletak.

 

Etxeko erreferentziak

Oñatiarrei dagokienez, gizonezkoetan, Axier Alonso izan da gure ordezkaririk onena azken urteetan -bi aldiz 4. eta bat 5.-, eta sasoi onean iritsiko da. Xabi Lete eta Iñaki Arriaran ere denboraldi hasiera bikaina egiten ari dira eta seguraski, aurrean ibiliko dira. Emakumezkoetan, Saioa Arkonada eta Maite Zabaleta izan daitezke gure bi erreferentzia nagusiak.

 

Kadeteak eta Aloña Txiki

Ibilbideari dagokionean ez da nobedaderik izango. Zirkuitua azken urteetakoa izango baita. 22,6 kilometro eta 1.868 metroko desnibel metatuarekin. Maila nagusiko probarekin batera, kadete mailako korrikalariek Belarren izango dute irteera.

 

Bestalde, lasterketa nagusia Aloñako maldetan dabilen bitartean, plazan haurrentzako V. Aloña Txiki lasterketak egingo dira, adinka, Lazarraga lorategian barrena. Gainera, aurten, Aloñako Igoerako kirol-jertseak atera dituzte; bada, Arrikrutzen daude salgai 25 eurotan. Apirilaren 14an kiroldegian jarriko dituzte salgai eta egunean bertan plazan ere salduko dituzte.

 

Espeleotxiki

Egitaraua borobiltzeko, Aloñako Igoeraren babesle nagusietako bat den Arrikrutzeko kobak antolatuta, espeleotxiki irteera egingo da bezperan (apirilak 21 / 15:30). Aukera bikaina Aloñako lasterketara familian datozen korrikalariek egun pasa ederra egiteko.

Antolatzaileak, federazio eta udaleko ordezkariekin atzoko aurkezpenean. Argazkia: Goiena

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.