Txirrindularitza

Txirrindularitza
2018-03-12 11:53:01
TALDEKAKO SAILKAPENA ULMA ALOÑA MENDIRENTZAT IZAN DA
Elgoibarko lasterketa irabazi du Aimar Erostarbek

Errepideko palmaresa estreinatu du asteburuan, Aimar Erostarbe txirrindulari oñatiarrak. Larunbatean, Elgoibarren jokatu zen kadete mailako probako txirrindularirik onena izan zen txantxikuarra. Eta bakarkako sari honekin batera, taldekako sailkapen nagusia ere, Ulma-Aloña Mendirentzat izan zen.

 

Denboraldi hasiera bikaina osatzen ari dira kadete mailako Aloña Mendiko txirrindulariak. Asteburuan, bakarka zein taldeka, Elgoibarko sari nagusiko onenak izan ziren. 52 kilometroko ibilbidean, helmugara iristen lehena, Aimar Erostarbe txantxikuarra izan zen. Aloña Mendiko txirrindulariak, 1:18:23 gurutzatu zuen helmuga eta 17 segunduko aldea atera zion, Beñat Carbayeda bigarren sailkatuari. Podiuma, Caja Rural taldeko Enekoitz Azparrenek osatu zuen.

 

Kadete mailako lehen urte honetan, emaitza oso onak lortzen ari da Erostarbe. Azaroan Legazpiko ziklo-krosa irabazi ostean, asteburukoa, errepide gaineko lehen garaipena izan baita.

 

Taldeka ere onenak

Erostarberen garaipenaren atzean baina, talde-lan bikain bat egon zen. Ulma-Aloña Mendiko gainontzeko ziklistek ere, lan ederra egin baitzuten Elgoibarren. Unai Cueva (10.), Aitor Altube (14.), Aritz Torres (25.), Unax Arregi (28.), eta Danel Casais (69.) helmugaratu ziren eta taldekako sailkapenean, Aloña Mendi izan zen onena.

 

Madina, Txintxurreta eta Murgiondo

Kadete mailako emaitza horiez gain, bestelako kategoria batzuetan ere, albiste azpimarragarri batzuk utzi dizkigu asteburuak. Eskolarte mailako denboraldiaren estreinuan esaterako, Bizipoz Aloña taldeko Aimar Madina, podiumeko hirugarren postura igota ikusi baikenuen.

 

Eta afizionatuetan azkenik, denetarikoak jaso ditugu. Larunbatean, Ekaitz Txintxurretak sekulako lasterketa egin zuen Urretxun. 23 urtez azpikoen artean bosgarren ziklista onena izan zen Debabarrenako oñatiarra. Baina zoritxarrez, atzo, erorikoa izan zuen eta lepauztaia hautsita, denbora batez gutxienez, lasterketetatik kanpo egon beharko du. Ampo taldeko Xabi Murgiondok ere, ez du zorte handiegirik izan. Beste eroriko bat izan baitzuen Murtzian eta gorputzeko kolpeez gain, atzamar batean bost puntu eman behar izan zizkioten.

 

Larunbatean lasterketa Oñatin

Larunbatean bestalde, eskolarte mailako proba jokatuko da Oñatin. Txirrindulari gaztetxoenendako hitzordua 16:30etan abiatuko da Enpresagintzako fakultatetik eta alebin eta infantil mailako 100 bat partehartzaile espero dira gurean. Horietako 13 Bizipoz Aloña Mendikoak izango dira.

 

Aimar Erostarbe Elgoibarreko podiumean.Argazkia: Buruntzazpi.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.