Saskibaloia

Saskibaloia
2018-03-08 09:32:11
EMAKUMEZKOEN PRESENTZIA AREAGOTU EGIN DA SASKIBALOI SAILEAN
Bidea egin nahian

Urteetan protagonismo oso txikia izan ostean, poliki-poliki bada ere, emakumezkoak geroz eta presentzia gehiago hartzen ari dira Aloña Mendiko saskibaloi sailean. Egun, federatu mailan dauden zazpi taldeetatik, bi dira neskenak. Eta oinarrian lana eginez, behetik gorako bizkarrezur sendo bat eratzea da saileko arduradunen helburu nagusietako bat.

 

Oraindik bidea luzea bada ere, pozik egoteko motiboak dituzte saskibaloi sailean. 2013an norabidez aldatzea erabaki zenetik, sailaren helburu garrantzitsuetako bat, betetzen ari baita. Harrobiarekin lana egiteaz gain, emakumezkoen taldeak berreskuratzea izan zen klubak markatu zuen lan-lerro nagusietako bat eta urratsez-urrats, lehen oinarriak finkatzen hasi dira.

 

Aurtengo denboraldian zazpi talde federatu ditu sailak eta horietako bi dira emakumezkoenak. Oraindik, gutxiengo dira, baina egoeraren azterketa sakonago bat egitea eskatzen du gaiak. 2011 urtean, emakumezkorik gabe gelditu baitzen saila. Eta hiru urte luzez talderik gabe egon ostean, 2014/2015 denboraldian errekuperatu zen infantil mailakoa. Ordutik etengabe lanean ari dira lanean eta belaunaldi horiek mantendu, eta berriak erakarriz, gaur egun, gazte eta infantil mailako talde bana eratzea lortu dute.

 

«Gazte mailan zortzi, eta infantiletan 10 neska ditugu eta adin gazteagoko beste taldetxo batekin ere ari gara lanean» esan digute bi taldeetako entrenatzaileek. Iñigo Zabaleta infantil mailako entrenatzailea esaterako, oso pozik dago bere taldearen bilakaerarekin: «Taldea eratzeko zailtasun asko izan ziren, baina azkenik aurrera egitea erabaki genuen. Saskibaloian hasiberriak, lehen urtea federatu mailan... Hasiera gogorra izan zen. Emaitza eta joku aldetik kaxkar xamar genbiltzalako. Baina ilusioa eta ikasteko gogoa beti izan dute eta zorionez, aurrera egiteko gai izan dira» dio. Konstantzia horren ondorioz, bigarren fasean 10 garaipen jarraian lortu dituzte.

 

Gazte mailako taldeak ostera, esperientzia gehiago dauka. Aurten laugarren urtea osatzen ari dira Gorka Judezen aginduetara eta emaitzak alde batetara utziz, «ikasten jarraitu eta batez ere, nesken ilusioa gorenean mantentzea» da entrenatzailearen helburu nagusia.

 

Hamaika denboraldi igaro baitira emakumezkoen lehen taldea sailetik desagertu zenetik eta klubean urte gehien daramatenek, helburu hori lortzeko gogoz lan egiten dute. «Goraino iristeko, oinarri sendoak jarri behar dira behean eta horretan saiatzen ari gara» diote. «Kirol hau probatu nahi dutenek, ateak zabalik aurkituko dituzte gurean» diote sailetik.

Infantil mailako taldea bigarren fase bikaina osatzen ari da.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.