Maila bikaina eman du Uxue Oses pilotari gazteak, kadete mailako Binakako Gipuzkoako Txapelketan. Naroa Mendizabal andoaindarrarekin batera, kanporaketa guztiak irabazi, eta finalerako txartela lortu zuten. Asteburuan Ataunen jokatu den partida erabakiorrean baina, 16-4 galdu dute. Infantil adinekoa izanik, balio handia dauka azpitxapelketa honek.
Ez da posible izan. Uxue Oses eta Naroa Mendizabalek ezin izan dute Gipuzkoako txapela eskuratu. Baina txapelketa guztian egin duten lana, aipagarria izan da. Finalera iritsi aurretik, hamar partidu irabazi zituzten eta lehia erabakiorra 16-4 galdu arren, «pozik» egoteko emaitza dela onartu digute pilota saileko ordezkariek.
Zestoa eta Antzuolako bikote batek eraman zuen garaikur nagusia baina aipatzekoa da, Uxueren kasuan behintzat, urtebete nagusiagoen aurka aritu dela txapelketa guztian zehar: «Infantil mailako pilotaria da eta kadete mailako txapelketa jokatu du» esan digu Sergio Uriarte entrenatzaileak. Osesek lortu duen azpitxapelketaz gain, esan, Irene Urzelai oñatiarrak ere, parte hartu duela aipatu txapelketan.
Neska gazteen emaitza aipagarriez gain, mutiletan ere, bada albisterik. Oier Osa alebin mailako pilotari gazteak esaterako, Zizur Nagusiko txapelketan egin duen lana aipatu nahiko genuke. Final laurdenak jokatzera iritsi baita. Eta Oñatikoa menperatzeko gai izan den pilotari bakarra, azken bi urteetako txapelduna izan da. Muruak 16-9 irabazi dio asteburuan Osari eta honenbestez, finalerdietatik kanpo utzi du Aloña Mendiko pilotaria.
Bestalde, gazte mailako Ander Biain ere, maila oso onean ari da sona handiko txapelketa ezberdinetan. Asteburuan esaterako, Tolosan jokatu den Migel Soroa txapelketako finaletik kanpo gelditu da. Aratz Irazustabarrena Altzoko pilotariarekin batera, ezin izan baitute, Mata eta Ibarloza menperatu. Iruña eta Markinako bikotea, 22-16 nagusitu zen asteburuan jokatu den finalerdian.
Dena den, atsedena hartzeko astirik gabe, beste bi hitzordu garrantzitsu jokatuko ditu gaur eta bihar Anderrek. Gaur, Doneztebeko Malerrekako txapelketako finalerdia jokatuko du Aratz Irazustabarrenarekin, eta bihar, Bergara Hiria promesen lau terdiko txapelketan final laurdenak izango ditu Abderrek, Azpeitiko Egigurenen aurka. Esan, azken kasu honetan, Bergara taldeko pilotari arrasatear bat ordezkatuz sartu dela txapelketan Aloña Mendikoa.