Eskubaloia

Eskubaloia
2018-02-08 10:46:09
HIRU GARAIPEN JARRAIAN LORTU DITU EMAKUMEZKOEN TALDE NAGUSIAK
Behetik gora, etengabe haziz

Emakumezkoen senior mailako taldea denboraldiko momenturik goxoenean da. Lehen itzuli gora-beheratsua osatu ostean, erritmo bizian ekin dio txapelketako fase erabakiorrari. Jokuan jarri diren azken sei puntuak pilatuta, etenga haziz ari da Nerea Morenoren taldea.

 

Lau jardunaldi soberan izan ditu Aloñak, lehen itzuli guztian lortutako zenbakiak hobetzeko. Aurreneko hamar jardunalditan zortzi porrot eta bi garaipen soilik lortuta, Euskal Ligako jaitsiera postuetatik irten ezinda zebilen emakumezkoen talde nagusia. Baina bigarren itzulera hastearekin batera, egoera erabat aldatu da. Basauri liderraren aurkakoa galdu ostean (20-31), taldea inoiz baino gehiago elkartu zen. Eta batasun eta konpromiso horri esker, azken hiru lehiak irabazi dituzte.

 

Lehen ezustekoa Elgoibarren iritsi zen. Sailkapeneko goikaldean dagoen taldeari 15-16 irabazteko gai izan baitzen talde gorritxoa. Hamalaugarren jardunaldian, Kukullaga aurkari zuzena etorri zen Zubikoara eta hil ala biziko norgehiagoka honetan ere, azken unera arte sufrituta, baina garaipen berri bat (23-22) lortzeko gai izan zen Morenoren taldea. Eta azken bi puntuak, Jarrillerasen kantxan bereganatu zituen Aloñak. «Garaipenek konfidantza asko eman digute eta azken asteetan partida oso onak burutzen ari gara» onartu zuten taldeko jokalariek atzo, Oñati Irratian.

 

Asteburuan atsedena

Denboraldiko momenturik onenak baina, etenaldi txiki bat izango du. Liga txapelketak atsedena hartuko baitu asteburuan. «Pena bat da orain gelditu beharra izatea» zioten jokalariek. Aloñak, Aiala Zarautz bigarren sailkatua hartuko du datorren jardunaldian eta partidu oso zaila izanik ere, «ilusioz eta bat eginda» garaipen berri bat lortzeko gai direla esan zuten.

 

Uneotan zazpigarren posturaino igo dira txantxikuarrak eta 10 puntu pilatuta, behera baino, gora begiratu nahi dute. Hala ere, jakitun dira urteko lehen helburua lortzeko, maila mantentzeko, oraindik ere, lana gogotik egin beharko dela.

 

Protagonistak Oñati Irratian

Aldaketa nabarmen honen sekretuak ezagutu nahian, taldeko hiru ordezkari gonbidatu zituzten atzo, Oñati Irratiko kirolen txokora. Josune Puga, Inma Martin eta Itziar Barrenak, denboraldiaren orain arteko balantze bat egin zuten eta elkarrizketan zehar adierazi zutenez, aldaketa honen arrazoi nagusia «taldeko kide guztien konpromisoan» oinarritzen da.

 

Egoera asko aldatu den arren, «bide berean» jarraitu nahi dutela ere adierazi zuten. Mugarik jarri gabe, gozatuz, eta batez ere, partida guztiak lehiatuz. Horixe da taldearen erronka. Puga, Martin eta Barrenak irratian esan zituztenak entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:

 

Inma Martin, aurtengo denboraldiko partidu batean. Argazkia: Goiena

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.