Futbola

Futbola
2018-02-05 12:52:04
0-1 GALDU ZUEN ATZO ETXEAN ZESTOAREN AURKA
Hiru hilabeteren ostean, lidertza galdu du Aloña Mendik

Denboraldiko partida txarrena jokatu zuen atzo, gizonezkoen Erregional Preferente mailako taldeak. Zestoak 0-1 irabazi zuen Azkoagainen, eta porrot mingarri honek, Aloñaren urte hasierako dinamika txarrari jarraipena ematen dio. Hiru hilabete sailkapen buruan egon ostean, lidertza galdu du asteburuan talde oñatiarrak.

 

Igoera lortzea erraza izango zela uste zuenak, oso oker zebilen. Erregional Preferente maila, oso kategoria zaila da eta azken asteetako emaitzek, agerian uzten dute baieztapen hori. Egoera ezinhobean amaitu zuen urtea Gotzon Urzelairen taldeak. Lehen postuan, eta bigarren sailkatuari zazpi puntuko aldea ateratzetik, hirugarren posturaino jaitsi da hilabeteren buruan.

 

Gabonetako etenaldi luzeak -hiru aste-, min handia egin dio Aloñari. Urte hasiera honetan jokaturiko bost partidetan, hiru porrot eta garaipen eta berdinketa bana soilik lortu baititu. 2018an jokuan jarri diren 15 puntuetatik soilik lau atera dituela, alegia. Eta behetik zetozenek, ondo baino hobeto baliatu dute aukera. Izan ere, Tolosa eta Eibar Urkok etengabe gorantz jarraitzen dute eta uneotan, Aloña berdindu du Eibarrek, eta Tolosa puntu bat aurretik jarri da -partida bat gutxiago jokatuta-.

 

Kapitainaren lasaitasun mezua

Taldeko kapitainarekin hitz egin ostean, Joseba Irizarrek lasaitasun mezua helarazi nahi izan digu. «Egia da, orain, ez gaudela ondo, baina denboraldi batean gorabeherak izatea normala da. Hau oso luze joango da» dio. Hala ere, autokritika egiteko unea ere badela gaineratu du: «Lehen itzulian dena alde izan genuen. Gol asko egiten genituen eta orain gehiago kostatzen ari zaigu. Eta hori gutxi balitz, atzean egindako akatsak, garesti ari gara ordaintzen. Baina berriz ere diot, hau oso luze joango da eta orain inoiz baino gehiago, elkarrekin egon behar dugu. Lanaren ondorioz, egoera irauliko dugu eta».

 

Urriaren 29tik, atzo arte mantendu du Aloñak kategoriako lidertza. Orain, egoera ona izanik ere, gauzak beste era batera ikusiko dira. Presioa beste batzuen eskuetan baitago. «Kategoria oso zaila dela, eta konfiantzak alde batetara uzteko balio badigu, ondo etorriko zaigu» gaineratu du Irizarrek. 

 

Asteburuan atsedena hartuko du liga txapelketak eta hein handi batean, «ondo etorriko dela» esan digu kapitainak. Hurrengo jardunaldian, Beasain zortzigarren sailkatuaren zelaian jokatuko du Aloña Mendik.

Josu Juaristi, atzoko neurketan. Argazkia: Goiena

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.