Saskibaloia

Saskibaloia
2018-02-02 10:50:34
LAU PARTIDA JARRAIAN IRABAZI DITU AITOR UGARTEREN TALDEAK
Bolada onari jarraipena eman nahi dio Aloña Mendik

Denboraldiko momentu onenean dago saskibaloi saileko gizonezkoen talde nagusia. Liga hasiera gora-beheratsua osatu ostean, azken jardunaldietan lau garaipen jarraian lortu dituzte Aitor Ugarterenek. Zubikoa gotorleku bihurtu nahi dute eta asteburuan, berriz ere, etxean jokatuko dute sailkapenean puntu bat atzetik dagoen Bosteko Irauli donostiarren aurka.

 

Emaitza eta joku bolada ezinhobean sartu da azkenaldian Lehen Probintzial mailako gizonezkoen taldea. Iaz kategoria galdu ostean, taldea eraberritu egin zen udan eta jokalari beteranoen hutsunea, harrobiko gazteek ilusioz bete zuten. Hori horrela, Ander Kortabarriak, irailean OK Magazineari adierazi bezala, klubean garbi zeukaten urteko lehen helburua, kategoria berrira egonkortu, eta salbazioa lehenbailehen lortzea zela.

 

Lehen helburua, egonkortasuna bilatzearena, uste baino gehiago kosta zaie. Aitor Ugartek plantilla oso gaztea dauka bere esanetara, eta lana ondo egin arren, asteburuetan emaitzak ez ziren iristen. Hala ere, egindako akatsak zuzendu, eta azken hilabeteetan, taldearen itxura oso bestelakoa da.

 

Defentsako lana

Sailetik bertatik adierazi zaigunez, defentsako lanean dago emaitzen sekretua. «Azken partidetan asko hobetu dugu alderdi horretan eta defentsan sendotuta, erasoan ere askoz erosoago ari gara» diote. Abendu hasieran, etxean, Astigarragako Mundarroren aurka galdu ostean, jarraian etorri diren lau partiduak irabazi ditu talde oñatiarrak.

 

Horietako hiru, Zubikoan jokatu dira. Eta hain zuzen, hor, jarri zuten saileko ordezkariek, denboraldi honetako beste inflexio puntua: «Zubikoa gotorleku bilakatu nahi genuen eta etxean lau partida jarraian jokatzea oso garrantzitsua izan da guretzat. Horregatik eman genion horrenbesteko inportantzia azken hilabete honi».


Bosteko Irauli aurkari bihar Zubikoan

Azken garaipen bolada honen ostean, gorakada nabarmena egin du taldeak sailkapenean. Uneotan zortzi garaipen eta zazpi porroteko balantze positiboarekin, taulako erdi-erdian kokatuta dago talde txantxikuarra eta asteburuan, beste urrats garrantzitsu bat eman dezake, salbaziora bidean.


Izan ere, sailkapenean atzetik eta puntu bakarrera dagoen Bosteko Irauli taldea etorriko da bihar Oñatira. Garaipenak beraz, balio bikoitza izan dezake. Aurkari zuzen bat urruntzeaz gain, aberage-a ere jokuan izango baita -joaneakoan 3 punturen aldeaz irabazi zuten Donostiarrek-. Aloña Mendi eta Bosteko Irauli "A" taldearen aurteko norgehiagoka, arratsaldeko 18:00etan jokatuko da Zubikoako kantxa urdinean.


Asier Uriarte denboraldiko partida batean. Argazkia: Goiena.

iritziak

agenda

Pilota partiduak
18.02.22
Pilota
Zubikoa kiroldegia

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.