Eskubaloia

Eskubaloia
2018-01-18 14:43:15
ELGOIBAR ETA PULPO TALDEETAN JOKATZEN ARI DIREN OÑATIARRAK
Etxetik kanpora, erronka berrien bila

Aloña Mendiko harrobi emankorrean hazitako Maria Balzategi, Alaitz Lazkanoiturburu eta Yune Bermejo eskubaloi jokalari gazteak, esperientzia berriak bizitzen ari dira etxetik kanpo. Lehena eta azkena Elgoibarren, eta Lazkanoiturburu, Zumaiako Pulpo taldean ari baitira. Atzo eguerdian, Oñati Irratiko kirolen txokoan elkartu zituzten eta 25 minutuz luzatu zen elkarrizketan, euren egunerokoa gertutik ezagutzeko aukera izan zuten entzuleek.

 

Aloña Menditik kanpo, Gipuzkoako beste talde ezagun batzuetan jokatzen ari diren herriko hiru jokalari gazte ezagutzeko aukera eskaini zuen atzo, Oñati Irratiko kirolen txokoak. Maria Balzategi, Alaitz Lazkanoiturburu eta Yune Bermejok euren betiko taldea utzi, eta beste batzuetan, esperientzia berriak bilatu nahi izan dituzte. Kasu guztietan, goragoko mailetan jokatzeko irten ziren Oñatitik.

 

Balzategi (Oñati, 1999) izan zen kanporako bidea hartzen lehena. Hirugarren denboraldia hasi du aurten Elgoibarren eta gazte maila atzean utzi ostean, Euskal Ligako senior kategorian lehiatzen ari da. Emakumezkoen zilarrezko ligan beharko luke taldeak, baina arrazoi ezberdinak tarteko, plaza uztea erabaki zuen udan klubak. Helburua, kategoria horretara lehenbailehen itzultzea da orain.

 

Lazkanoiturburuk (Oñati, 2000) Zumaiarako bidea hartu zuen iaz. Infantil mailan Espainiako selekzioaz jokatzera iritsi ostean, belauneko lesio larri bat gainditu behar izan zuen Alaitzek. Zorionez baina, kontu horiek atzean utzi eta aurten, bigarren denboraldia osatzen ari da Euskal Ligako gazte mailako Pulpo taldean.

 

Bermejo (Oñati, 2001) izan da etxetik irtetzen azkena. Maiatzera arte Aloñako jokalari izan ostean, udan erabaki zuen Elgoibarren eskaintza onartzea. Ordutik hona, talde zuri-gorriko Euskal Ligako gazte mailako jokalaria da txantxikuarra.

 

Etorkizun handiko jokalariak

Gaztetatik nabarmendu dira hiru jokalariak. Horren adibide dira, kasu guztietan, Gipuzkoako zein Euskadiko selekzioarekin izan dituzten esperientzia ezberdinak. Azkena, Lazkanoiturbururena. Urtarrileko lehen astean, Galizian jokatu zen txapelketa batean parte hartu baitzuen Euskadiko gazte mailako selekzioarekin.

 

Etxetik kanpo jokatzeak diziplina asko eskatzen duela adierazi zuten: «Ikasketak dira garrantzitsuena baina astean bi edo hiru bider joan behar izaten dugu Elgoibar edo Zumaiara eta horrek ahalegin berezia eskatzen du» zioten. Balzategi eta Lazkanoiturburu gainera, BAT Basque Team-en errendimendu altuko programa bateko kide dira eta horrek, lan-saio gehigago egin beharra suposatzen die.

 

Zaila izanik ere, «esperientzia oso aberasgarriak» bizitzen ari direla esan zuten eta etxetik irtetzeko arrazoia «erronka berriak bilatu nahi izana» da.

 

Kirol arloan, sailkapeneko lehen postuen inguruan daude hiru taldeak. Balzategirena eta Lazkanoiturbururena laugarren, eta Bermejoren taldea, ligako bigarrena da uneotan. Balzategik gainera, Aloñaren aurka jokatuko du asteburuan. Elgoibarrek lehen postuetara hurbildu nahi du eta Aloñaren kasuan, jaitsiera saihestea da helburu bakarra.

 

Beheko podcastean entzun dezakezue atzoko elkarrizketa guztia:

 

Balzategi, Lazkanoiturburu eta Bermejo aurtengo jokuan. Argazkiak: Utzitakoak.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.