Eskubaloia

Eskubaloia
2017-09-21 16:32:03
LARUNBATEAN HASIKO DU DENBORALDIA GIZONEZKOEN EUSKAL LIGAKO SENIORRAK
Mikel Agirre: «Aurkarien maila igo egin da, baina goian egon nahi dugu»

Asteburuan hasiko du denboraldia, Aloñako gizonezkoen Euskal Ligako taldeak. Iaz Lehen Maila Nazionalerako fasea jokatu ostean, kategoriako oilarren artean ekingo dio sasoi berriari talde oñatiarrak. Dena den, partiduz-partidu eta batez ere, betiko ilusio eta gogoaz jokatzearen garrantzia azpimarratu nahi izan digu Mikel Agirre taldeko jokalariak. Hastear dagoen ikasturteari buruz hitz egin dugu kapitainarekin.

 

Larunbatean hasiko da Euskal Ligako hirugarren denboraldia Izarraitz-Muñoz Aloña Mendirentzat. Urtetik urtera goraka doa eta hasiera batean, erronka zaila izango du ikasturte berrian. Bai behintzat, emaitzak hobeto nahi badira. Estreineko urtean, aurreikuspen guztiak gainditu, eta ligako hirugarren postua lortu zuen. Iaz, postu bat gora egin, eta Lehen Maila Nazionalerako igoera fasea jokatzeraino iritsi ziren. Igoerak soilik hobetuko luke orain artekoa eta amets hori lortzeko gai badira ere, pausoz-pauso hasi nahi dute denboraldi berria.

 

«Kategoria ondo ezagutzen dugu eta taldeak badaki noraino iritsi daitekeen. Hala ere, orain arte egindakoak ez du askorako balioko» dio Agirre kapitainak. Partiduz-partidu joatearen garrantzia azpimarratuz, uneotan, Urdulizen aurkako lehian soilik zentratzen da taldea. «Aurkarien maila igo egin da aurten, baina goian egon nahi dugu» gaineratu du.

 

Hasiera zaila

Etxetik kanpo hasiko du urtea Aloñak. Larunbat arratsean (20:00etan), Urdulizen kantxa bisitatuko du Aranbururen taldeak eta alde horretatik, liga ondo hastearen garrantziaz ere mintzatu zaigu kapitaina: «Oso liga hasiera zaila daukagu. Eta ondo hasteak konfidantza handia ematen du, beraz, larunbatean bertan garaipen batekin itzuli nahiko genuke Oñatira».

 

Datorren astean, jaiak tarteko, Basauriren aurkakoa atzeratu egingo da eta honenbestez, hirugarren jardunaldira arte ez dira itzuliko lehiara, txantxikuarrak. San Miguel eta Errosaixoak igarota, Corazonistas izango da Aloñaren hurrengo aurkaria.

 

Asteko lan saio baten aurretik egin dugu hitzordua Agirrerekin. Lasai, eta batez ere, ilusioz, somatu dugu kapitaina. Hona hemen elkarrizketa osoa entzungai:

 

Gogotsu ekingo dio Aloñak, Euskal Ligako hirugarren sasoiari. Argazkia: Goiena.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.