Besteak

Besteak
2017-07-19 15:56:46
ORAIN ARTE EGINDAKOAREN BALORAZIOA EGIN ZUEN ATZO, KIROL ZINEGOTZIAK
Borja Moiua: «Udazkenean hartuko dugu kiroldegia eraberritzeko proiektuaren azken erabakia»

Zubikoa kiroldegiko eraberritze lanak geroz eta gertuago daude. Halaxe adierazi zuen atzo Borja Moiuak, Oñati Irratian. Gipuzkoako Foru Aldundiak ia 454.000 euroko dirulaguntza onartu berri du kiroldegia eta igerilekua eraberritzeko gastuei aurre egiteko, eta udalaren asmoa da urtea amaitu aurretik proiektuaren erredakzioa esleitzea. Gai honen azken orduaren berri eman zuen, besteak beste, kirol zinegotziak.

 

Borja Moiua kirol zinegotzia, Oñati Irratiko kirolen txokotik pasa zen atzo eguerdian. Oporretara joan aurretik, herriko kirol egoeraren azken orduaren errepasoa egin zuen eta era berean, legealdi erdiko lanak beteta, balorazio txiki bat egiteko ere aprobetxatu zuen Moiuak. Zalantzarik gabe, kiroldegiko eraberritzea da kirol munduko gai nagusia eta horren harira, hainbat argibide eman zituen.

 

Lehen albiste positiboa, lan horiek burutzeko, Foru Aldunditik iritsiko den dirulaguntza izango da. Chocarro y Herranz arkitektura estudioak egindako aurreproiektua aurkeztu zuen udalak aldundiaren diru laguntzetara eta 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planeko diru laguntzen baitan, Oñatik 453.920 euro jasoko ditu. Bestalde, maiatzean herritarren asebetetzea neurtzeko egin zen inkestaren emaitzetan nabarmen agertu zen igerilekuan eta kiroldegian inbertsioak egin behar zirela. Galdekatuen %70ak aipatu zuen premia hori.

 

Prozesua amaitzear

Guzti honen aurretik baina, herriko kirol azpiegituren inguruko prozesua abiatu zuen udal gobernuak udazkenean eta bertatik eratorritako talde eragilean 14 lagun buru-belarri aritu dira gaia lantzen. Talde motorreko kideek 8 saio egin dituzte eta «erakutsitako inplikazioa eta egindako ekarpenen prozesua oso positiboa» izan dela adierazi zuen Moiuak.

 

Emaitza horiek eskuartean, irailean prentsaurreko bat egin asmo da «hartu diren erabakiak herritarrei erakusteko». Eta ondoren, udazkenean, datozen urteetako kirol inbertsioen plangintza egitea egokituko zaio, kasu honetan, udalari. Asmoa, irailean lanak planifikatzea da eta urtea amaitu aurretik proiektuaren erredakzioa esleitzea.

 

Legealdi erdiko balantzea

Kirol instalazioen etorkizunaz hitz egiteaz gain, legealdi erdiko balantzea ere egin zuen Moiuak. «Lan karga handia» duen postua da kirol zinegotziarena baina era berean, «pertsonalki oso aberatsa» izaten ari da. Oñatiko kirol eragileei ahal den neurrian «laguntzak eta erraztasunak» ematea da helburu nagusia eta orain arte egin bezala, falta diren bi urteetan, bide horretan jarraitu nahiko luke Moiuak.

 

Kanpotik aurrerapausorik eman ez direla uste dutenei mezu positiboa zabaldu nahi izan zien zinegotziak: «Badakit jendea erabaki baten zain dagoela, baina pazientzia pixka bat eskatu nahi nieke guztiei. Bi urteotan oinarri sendoak jarri ditugu eta uste dut aurrerapausoak ere eman direla» zioen. Oraindik urruti badago ere, kirol zinegotziak Zubikoako obra hasita amaitu nahiko luke legealdia.

 

Atzo eguerdian Oñati Irratian eskaini zuen elkarrizketa guztia entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:

 

Moiua, Oñati Irratiko estudioan.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.