Txirrindularitza

Txirrindularitza
2017-07-13 16:25:43
STREAMING BIDEZ IKUSI AHAL IZANGO DA HELMUGA, BESTEAK BESTE
Berrikuntzekin dator pinoi finkodun bizikleten kriteriuma

Urteroko legez, badator beste behin, gaueko pinoi finkodun bizikleten kriteriuma. Kantoikrit lasterketak, seigarren ekitaldia beteko du larunbatean (22:00) eta antolatzaileek jakinarazi berri dutenez, hainbat berrikuntzekin aurkeztuko zaigu aurtengo ekitaldia. Atzeko kaleko zatia berreskuratzeaz gain, streaming bidez ikusi ahal izango baita helmugako pasabidea, besteak beste.

 

Sei urte igaro dira dagoeneko, pinoi finkodun bizikleten mundua Oñatira gerturatu zenetik. Aurreneko bi ekitaldietan Surf Festaren barruan antolatu zen proba bereziak, izaera propioa hartu du azken lau urteetan eta ohiturari jarraituz, hainbat hobekuntzekin etorriko da aurtengo ekitaldia.

 

Iaz itxita zegoen Atzeko Kaleko zatia berreskuratzea izango da horietako bat. Bestelakoan, ibilbidea urterokoa izango da. Hori horrela, 1.600 metroko zirkuitua proposatzen dute antolatzaileek eta ziklistek, 15 bira eman beharko dizkiote helmugara iritsi nahi badute. Guztira 24 kilometro gora-beheratsu izango dira eta izenari erreferentzia zuzena eginez, kantoi eta harbide zatiak izango dira ibilbideko puntu ikusgarrienak.

 

Beste berrikuntza aipagarriak, teknologiari loturiko bi hobekuntza izango dira. Ziklista eta ikusleen lana errazteko, itzuli-kontagailu digital bat jarriko diote bigarren motorrari. Era honetara, lehiakide zein zaletuek, zenbat itzuli gelditzen diren jakingo dute uneoro. Gogoratu beharra dago, itzulia galtzen duten ziklistak kanporatuak gelditzen direla era honetako probetan.

 

Eta beste berrikuntza nagusia, streaming bidezko zuzeneko hedapena izango da. Helmugako irudiak, zuzenean botako baitituzte [helbide honetan].

 

Parte-hartze baxuagoa

Partaidetzari dagokionez, aurtengo izen-ematea momentuz, beste urte batzuetan baino baxuagoa izaten ari da. Epea bihar eguerdian itxiko da eta muga 60 ziklistakoa denez, baliteke lasterketa ordura arte inskripzioa zabalik gelditzea.

 

Lehen urtean 17 ziklista, bigarrenean 25 eta laugarrenean jo zuen muga 56 parte-hartzailerekin. Larunbaterako, 30-40 bat lehiakide espero dituzte antolatzaileek. Etxekoei dagokienez, lau izango dira aurtengo ekitaldian. Iñigo Mugarza, Iñaki Madinabeitia, Mikel Olalde eta Danel Gereta. Hauez gain, Bizkaitik, Iparraldetik, Xixonetik, Madrildik zein Berlinetik etorritako txirrindulariak daude uneotan zerrenda ofizialean.

 

Ordutegiak

Gaueko 22:00etan hasiko da lasterketa, baina orduerdi lehenago hasiko dira txirrindulariak ibilbidean zehar berotzen. Antolatzaileek kontuz ibiltzeko gomendioa egiten dute. Era berean, proba aurrera ateratzen lagundu duten babesle eta bolondresei, eskerrak eman zizkieten astearteko agerraldian.

Antolatzaileak, astearteko prentsa agerraldian.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.