Futbola

Futbola
2017-05-22 09:34:28
FUTBOL TALDE NAGUSIAK MAILA GALDU DU
Itzuliko gara!

Aloñako futbol talde nagusiak maila galdu du. Larunbatean Mutrikuren aurkako lehia erabakiorra 1-1 berdindu ostean, aukerarik gabe iritsiko da azken jardunaldira. Hala ere, liga igandean amaituko da Azkoagainen, eta jokalariek, Zarautzi irabaziz agurtu nahi dute ikasturte beltz hau. 27 urteren ondoren, Erregional Preferentera itzuliko da talde oñatiarra.

 

Garaipenak soilik balio zion Aloñari larunbatean eta partidua hasi aurretik agerikoa zen tentsioa San Migeleko futbol zelaian. Beroketa lanak amaituta, partida atariko aldagela barruko hitzaldia, denboraldiko sentikorrena izan baitzen. Jokalarien gurasoak aldagela barrura sartu ziren beraien semeak aupatzera eta batek baino gehiagok, negar malkotan entzun zituen Irizar kapitainaren hitz hunkigarriak.

 

Hori horrela, Aloña indartsu zelairatu zen berdegunera. Oñatitik Mutrikura joandako ehun bat zaleen babesarekin, Azkoagain zirudien San Migelek. Hasieratik, garbi ikusi zen partida irabazi beharra zuen talde bakarra zegoela zelai gainean. Hala ere, lehen minutuak nahasiak izan ziren. Partidako lehen aukera baina, etxekoena izan zen. 14. minutuan, ezker hegaletik jaurtiketa arriskutsua egin zuten baina zorionez, larregi gurutzatu zuen baloia, Mutrikuko jokalariak.

 

Poliki-poliki bada ere, txantxikuarrak nagusitzen joan ziren eta aukera garbiegirik sortu gabe, baina azken 15-20 minutuetan, Mutrikuren ate inguruan jokatzen hasi zen talde txantxikuarra. Lehen zatia 0-0 berdinketarekin amaituko zela zirudienean, azken bost minutuetan bi jokaldi erabakigarri ikusi ziren. 40. minutuan, Mutrikuarrek penaltia eskatu zuten baina epaileak, ez zuen ezer ikusi. Eta, zorionez, hurrengo jokaldian iritsi zen Aloñaren gola.

 

Bikain landutako estrategiazko korner batean, Unai Gilek abantaila eman zion talde txantxikuarrari. Lurretik area ertzera atera, eta sekulako zartakoa eman zion aurrelariak, baloia Illarramendiren eskuin eskuadran jarriz. Gol psikologikoa izan zen zalantzarik gabe. Oñatirrak 0-1ekoak ematen zuen poztasunarekin erretiratu baitziren aldagelara.

 

Bigarrenean, nahi eta ezin

Bigarren zatia hasi orduko, berdindu zuen norgehiagoka Mutrikuk. Falta lateral batean, buruz egin baitzuen banakoa 51. minutuan. Gol horrek lur-jota utzi zuen Aloña Mendi. Hala ere, oñatiarrek ez zuten amore eman eta bigarren zati osoan zehar, barruan zeukaten guztia eman zuten garaipena lortu ahal izateko.

 

Aukerarik garbienak, 15. eta 23. minutuetan iritsi ziren. Lehena, Gaizka Irizarren hanketan ikusi genuen. Ezkertiak, aurreratuta ikusi zuen Mutrikuko atezaina eta zelai erditik egindako jaurtiketa, oso gutxigatik joan zen kanpora. Palaciosek ostera, korner batean izan zuen 1-2koa jartzeko aukera. Baina hemen ere, erdilariaren burukada, langa gainetik joan zen.

 

Azken minutuetan, egoeraren larritasuna ikusirik, buruarekin baino, bihotzarekin jokatu zuen Aloñak. Eta Mutrikuk, kontra azkar batean partida erabakita uzteko aukera izan zuen. Azkenean baina, markagailua ez zen gehiago mugitu eta puntua, ez da nahikoa izango azken jardunaldira begira.

 

Partidaren amaieran, Joseba Irizar kapitainak, ondorengo adierazpenak egin zituen:

 

 

27 urteren ostean behera

Jokalariek lur jota amaitu zuten partidua. Salbazioa lortzea oso zaila egonik ere, itxaropena ez baitzuten galdu nahi. Eta alde horretatik, zailtasunak-zailtasun, urte guztian izan duten jarrera txalotu beharra dago. Lesioak, jokalari gazteak, zorte falta...maila galdu izana, gogorra da; bai. Baina ez zaio buelta gehiago eman behar. Jaitsiera honen motiboak bilatzen ibili baino, etorkizuna eraikitzen hasteko unea da.

 

27 urtez maila honetan ibili ostean -1990. urtean jaisti zen azken aldiz-, Erregional Preferentean jokatuko du datorren denboraldian Aloña Mendik. Kasualitatez, gaur 23 betetzen dira Aloñak hirugarren mailarako igoera lortu zuenetik.

 

Kluba osasuntsu dago eta bere betiko baloreak mantentzen baditu, urte batean, bitan edo behar direnetan, baina ez izan zalantzarik. Itzuliko gara!

 

+ Mutriku - Aloña partiduko argazki galeria.


Unai Gil, larunbateko gola ospatzen.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.