Txirrindularitza

Txirrindularitza
2017-05-17 08:31:38
MIKEL BIAIN ETA ARKAITZ ETXEZARRETAK PROBA AMAITZEA LORTU ZUTEN
Bi oñatiar, Titan Desert lasterketa entzutesuan

Titan Desert basamortuko lasterketa entzutetsuan parte hartu dute Mikel Biain eta Arkaitz Etxezarreta oñatiarrek. Bientzat ere, tamaina honetako abentura bat egiten zuten aurreneko aldia izan da eta erronka gogorra amaituta, gustora itzuli dira Sahara aldetik. Bi protagonistak, Oñati Irratiko kirol tarte nagusian izan ziren astelehenean.

 

Gertutik ezagutu dute Mikel Biain eta Arkaitz Etxezarreta oñatiarrek, Saharako basamortuan bizikletan ibiltzearen zailtasuna. Desertua, beroa, kilometro amaigabeak, bakardadea...zalantza izpirik gabe, mendi-bizikletako munduko lasterketa gogorrenetarikoa da Marokokoa. Sei egun. Sei etapa eta 680 kilometro.

 

Aurrez, mendi-bizikletan bestelako martxa eta lasterketa egin badituzte ere, Basamortuan aritzen ziren lehen aldia izan da aurtengoa. Alde horretatik, «sekulako esperientzia» izan dela aitortu zuten protagonistek, Oñati Irratian eskaini zuten elkarrizketan. Apirilaren 30ean hasi, eta maiatzaren 5era arte iraun zuen abenturak. Eta estreineko urtea izanik, amaitzeko helburuarekin joan ziren Sahara aldera bi oñatiarrak.

 

«Lasterketa hau erronka indibidual bat dela esango nuke. Fisikoki ondo egoteaz gain, psikologikoki ere asko exigitzen duen proba baita. Baldintza oso gogorrak dira» zioen Etxezarretak. Orokorrean, aparteko arazorik gabe amaitu zuten eta balorazioa «oso positiboa» izan dela diote. Etxezarretak, bigarren egunetik aurrera, arazo txiki batzuk izan zituen sabelean eta horren ondorioz, erritmoa jaitsi behar izan zuen hurrengo egunetan.

 

Hori horrela, elkarrekin joan beharrean, bakoitzak bere erritmora egin zuen falta zen ibilbide zatia. Biainek 72. postuan amaitu zuen lasterketa (30:05:50) eta Etxezarreta berriz, 129.a izan zen (34:19:12).

 

Kirol erronka oso ona izanik, Basamortuan bizi izandako esperientzia pertsonalarekin gelditzen dira bi oñatiarrak. «Jende asko ezagutzeko aukera izan dugu eta harreman horiek egiteko, oso abentura baliogarria izan da» gaineratu zuten. Aurrera begira, dagoeneko finkatu dute hurrengo erronka txantxikuarrek: «2018ko uztailean Poloniara joan nahiko genuke. Era honetako abentura bat da, baina kasu honetan, Saharakoak baino desnibel handiagoa duena» zioten.

 

Julen Zuberoren ikuspuntua

Erronka gogor honen prestaketa eta bidaia osoaren nondik norakoak azaldu zituzten Biain eta Etxezarretak, astelehen arratsaldeko irratsaioan. Bitxikeriak, etapa egunetako gora-beherak...askorako eman zuen ordubeteko mahainguruak.

 

Besteak beste, lasterketako lehen euskalduna izan zen Julen Zubero txirrindulari profesional ohiaren esperientzia ezagutzeko aukera ere izan baitzuten. Zuberok, seigarren aldiz osatu du lasterketa eta sailkapen nagusiko podiumaren lehian ibili zen. Hala ere, arazo batzuen ondorioz, bostgarren postuarekin konformatu behar izan zuen bizkaitarrak.

 

Astelehen arratsaldeko irratsaio osoa entzuteko, sakatu beheko podcastean:

 

Biain eta Etxezarreta, Saharako lasterketan.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.