Mendia

Mendia
2017-04-24 16:05:12
AXIER ALONSO ETA SAIOA ARKONADA IZAN DIRA HERRITAR AZKARRENAK
Imanol Goñi eta Maite Maiora onenak, Aloñako XIII. Igoeran

Aurreikuspen guztiak bete ziren atzo, Aloñako Igoeraren XIII. ekitaldian. Imanol Goñi eta Maite Maiorak, ondo bete zuten faborito papera eta aurtengo korrikalaririk azkarrenak izan ziren. Maioraren kasuan gainera, probako errekor guztiak hautsi zituen. Ana Conderen erregistroak txikituz, sari hirukoitza eraman zuen etxera Mendarokoak. Oñatiarren artean onenak, Axier Alonso (5.) eta Saioa Arkonada (6.) izan ziren.

 

Goizeko lehen orduan giro atsegina bazegoen ere, lasterketa abiatu orduko hartu zuen protagonismoa eguzkiak Aloñako Igoeraren hamahirugarren ekitaldian. Iaz baino dexente gradu gehiago jasan behar izan zituzten korrikalariek atzoko lasterketan eta lehen maldetara iritsi orduko agertu zitzaien infernua tenperatura bero gisa, korrikalariei. Hala ere, proba erritmo bizian abiatu zen.

 

Ibilbideko asfaltoko zatia oso azkarra izan zen eta igotzen hasterako sortu zen izen nagusien taldeburua. Imanol Goñi izan zen uneoro tropel horretako erreferentzia nagusia eta Aloñako tontorrean, bi muntu inguruko abantaila zeukan dagoeneko jarraitzaileekiko. Aloñatik Artzanbururako bidean, tartea lau minutu ingururaino zabaldu zuen Goñik eta diferentzia horrek, lasaitasun handia eman zion probako azken kilometroetan.

 

Jaitsieran, atzetik zeuden Martinez de Estibariz eta Amunarrizek tarte dexente kendu zioten baina ez zuten Iruñearra harrapatzerik lortu. Hori horrela, bigarren urtez, Imanol Goñik (2:05:16) eraman zuen deabruaren suziria Foruen Enparantzako helmuga punturaino.

 

Emakumezkoak itzel

Atzoko probak utzi zuen beste albiste positieboetako bat, emakumeek eskainitako erakustaldia izan zen. Maite Maioraz gain, Oihana Azkorbebeitia eta Maria Zorroza ere, Ana Conderen 2014ko errekorra apurtzeko gai izan baitziren. Datu horrek agerian uzten du atzo gurean izan genuen maila ikusgarria.

 

Probari dagokionean, Maiorak (2:20:39) ez zuen aurkaririk izan. Zortzi minutu sartu zizkion helmugan Oihana Azkorbebeitiari eta ia hamar, Maria Zorrozari. Goranzkoan zein beheranzkoan inor baino azkarragoa izan zen eta Aloñako tontorreko eta helmugako errekorrak, txikitu egin zituen. 00:56:30 iritsi zen Aloñara eta minutu eta hemezortzi segundu jan zizkion 2011 geroztik, Ana Conderen eskuetan zegoen errekorrari. Eta erritmo horri segida emanez, bizkaitarraren helmugako errekorra ere, hamaika minutu eta hamazazpi segundutan murriztu zuen. Txalogarria, benetan. Podiuma, Oihana Azkorbebetia eta Maria Zorrozak osatu zuten.

 

Esan, aurrez, duela lau urteko ekitaldian ere garaipena lortu zuela Maiorak. Orduko hartan, ibilbide motzean onena izan zen eta honenbestez, atzokoa, Mendarokoaren bigarren garaipena da Oñatin.

 

152 bolondres

Ibilbidean ikusi genituen 300 korrikalariez gain, aipatzekoa da atzoko lasterketak izan zuen bolondres kopurua. Guztira 152 lagunek erabaki baitzuten antolakuntzari esku bat botatzea. Gurutzebideak, anoa puntuak, kresterioa...puntu guztietan zegoen bakarren bat. Alde horretatik, antolakuntza taldeak eskerrak eman nahi dizkie beste behin, guztiei.

 

Alonso eta Arkonada pozik

Oñatiarren artean, Axier Alonso eta Saioa Arkonada izan dira aurtengo ekitaldiko onenak. Alonsok bostgarren postuan (2:08:03) amaitu zuen proba eta Arkonada berriz (2:46:40) seigarrena izan zen. Bien kasuan gainera, marka pertsonalak ezarri zituzten atzokoan. Alde horretatik balorazio oso positiboa egin digute gaur goizean.

 

Axier Alonsoren adierazpenak:

 

Saioa Arkonadaren adierazpenak:

 

+ Sailkapen ofizialak

 

Maite Maiora helmugan sartzen. Argazkiak: Goiena.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.