Besteak

Besteak
2017-04-05 17:04:10
OHIZ KANPOKO JARDUERAK ANTOLATZEKO 13.000€ BANATUKO DITU UDALAK
Astelehenean amaituko da kirol arloko diru laguntzak eskatzeko epea

Otsaileko Osoko Bilkuran onartu zen kirol arloko diru laguntzak emateko aurtengo deialdia. Azken urteetako bideari jarraituz, udaleko kirol departamentuak, bi diru laguntza lerro aurkeztu zituen: herriko kirol elkarteek kirola sustatzeko antolatzen dituzten ekintzetarako 3.000 euroko partida batetik, eta ohikoak ez diren kirol jardueretarako beste 10.000€, bestetik. Diru laguntza hauek eskatzeko epea, apirilaren 10ean amaituko da.

 

Kirola sustatu edo ohiz kanpoko kirol jarduerak antolatzeko diru laguntza hauek, klub edo kirol elkarte nahiz entitate juridikorik ez duten talde eta partikularrek eskatu ditzakete. Egoitza Oñatin badute, edota bailaran izanik, gutxienez, kirolarien %15a Oñatikoak badira edo herrian erroldatuta badaude.

 

Kirola sustatzeko diru laguntzak banatzerakoan, taldearen federatu kopurua, kiroldegiko bazkide kopurua, sustapen jardueren antolaketan udal kirol zerbitzuei laguntzea, eskola kirolean lagundu eta parte hartzea, genero berdintasuna eta beste finantzazio bide batzuk lortzeko ahalegina egin izana kontutan hartuko dira. Jasoko den diru laguntza mugatua da, gehienera, 1.500€ eskuratu ahal izango direlarik.

 

Ohiz kanpoko jarduerak

Udaleko kirol departamentuak duen bigarren diru laguntza lerroa, ohiz kanpoko jarduerak antolatzeko da. Kasu honetan, jasotzen diren eskaerak baloratzeko bederatzi kontzeptu hartuko dira gogoan: kirol jarduerak herrian duen eragina eta herriari egiten dion ekarpena; antolatutako kirol jardueraren historiala eta garrantzia; elkarteak antolakuntza eta ekonomia arloan egindako ahalegina eta diru sarreren eta gastuen arteko oreka; antolaketan erabili edo kudeatutako baliabideak bai azpiegitura aldetik baita giza baliabideen aldetik ere; aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa; ekintzaren iraupena, parte hartze eta kirol maila; emakumezkoen parte hartzea sustatzea; kirol jarduerak antolatzea eskola ume, erretiratu edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan daudenentzat eta azkenik, kirol eta kultur jarduera osagarriak antolatzea.

 

Eskaerak eta bestelako dokumentazio osagarria udal buelgoetan aurkeztu beharko dira, apirilaren 10a baino lehen.

Torreauzoko krosak diru laguntza jaso zuen iaz. Argazkia: Santi Mendiola.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.